Abadiñok Urkiolarako Errogatiba ospatu dau euritan

Joan dan abuztuaren 26an, zapatuan, izan zan
Abadiñoko Errogatiba Urkiolan / Abadiñoko Udala

Joan dan abuztuaren 26an, zapatuan, Urkiolara Errogatiba egin zan. Ekitaldi horretan, ohi bezala, San Rokeren irudia Urkiolako Santutegira eraman zan. Ospakizuna giro harmoniatsuan egin zan, errotutako tradizino guztiak errespetatuz. Zeremoniaren ondoren, bertaratutakoek dantzariez eta txistulariez gozatzeko aukerea izan eben. Modu berean, ardoa banatzeko ohiturari eutsi jakon, baina oraingoan modu arduratsuan egin zan, eta produktu hori landa-bazkaria partekatu eben eta hala eskatu eben familien artean baino ez zan banatu.

Ondoren, ohi bezala, herriko erretiratuentzako herri bazkaria egin zan, “txitxarrilloak” alaituta. Egun berean eta ohitura dan bezala, “Gisatu” herrikoia eta erromeria ospatu ziran, “LOTXO Taldeak” girotuta. Aurten, eguraldi txarra dala eta, ekitaldia Abadiñoko Probalekuan egin da. Aldez aurretik jakinarazi zan bezala, 1 €-ko tiket sinbolikoa erosi behar zan, ekitaldiaren kudeaketea hobea bermatzeko. 85 €-ko diru bilketa Elikagaien Bankuari emon jako. Modu berean, soberan geratu dan Gisatua dohaitzan emon jako Abadiñoko elkarte bati.

Edurne Maguregi alkateordeak adierazi dauanez, Urkiolarako Errogatibaren debozinoa eta Gisatua, Abadiñon, egun gogoangarrian, tradizinoa eta senidetasuna batzea lortu daben bi ekitaldi izan dira”. “Gizarte Ongizateko sailetik eta Kultura sailetik eskerrak emon gura deutsiegu bertaratu diran guztiei eta egun berezi hau posible egiten lagundu dabenei”, esan dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00