Getxoko Udalak 600.000 euro inbertituko dauz Satistegi hegala mantentzeko

2021ean, pitzadurak eta patologiak agertu ziran Satistegi eta Makalen Parkea urbanizatzeko obrak gauzatzean.
Satistegiko hegala, Algortan / Europa Press

Getxoko Udalak 654.232 euro inbertituko dauz Algortako Satistegi mendi-hegala mantentzeko, Satistegi eta Makalen Parkea urbanizatzeko obrak egin bitartean pitzadurak eta patologiak agertu ostean, 2021ean.

Jarduketek ainguraketen bidez lotzeko habeak egitea izango dabe helburu, bai behealdean, bai hegalaren erdialdean. Halaber, erdiko aldean harri-lubeta bat eraikitzea euste-lanen osagarri gisa hartuko da.

Satistegiren eremuak “patologien historia zabala” dau, txosten horretan bertan jasotzen danez. 2021ean, Satistegi kaleko eta Los Chopos parkeko bidea birgaitzeko eta eusteko lanetan, Krean S.Coop enpresak egindako proiektuan oinarrituta, patologia barriak aurkitu ziran, eta, ondorioz, eremuan egoan eredu geologiko geoteknikoa birdimentsionatu behar izan zan. Aldaketa horietan oinarrituta, beharrezkoa da mendi-hegaleko jarduketen irismena handitzea.

12.000 metro karratuko azalera da, Ereagako kaiaren eta Satistegi kalearen arteko desnibela gainditzen dauan mendi-mazela bati dagokiona, bertan landaretza hostotsuko eremu bat baitago. Itsaslabarrean gertatutako “ezegonkortasun ugariak” XIX. mendean dokumentatzen hasi ziran, eta bi ezbehar “garrantzitsuenak” 1985ean eta 2006an gertatu ziran.

Lanak osatzeko epea sei hilabetekoa da. Lizitatu nahi daben enpresek irailaren 19ra arteko epea daukate proposamenak aurkezteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular