Euskal dantza tradizionalak protagonista Basaurin

EH Dantza Agerketan, zapatuan, bost dantza talde izango dira Bizkotxaldeko oholtzan
2023ko EH Dantza Agerketaren aurkezpena Basauriko Udalan / Basauriko Udala

Aurton, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa bere ohiko formatura itzuliko da, igaz euskal dantza eta folklorearen ikuskizun parebako honen 50 edizinoak modu berezian ospatu ondoren. 2022an 50. urteurrena ospatzeko edizino berezi bat egin ostean ohiko formatu tradizionalera itzuliko da, hau da, hiru egunez jarraian iraileko hirugarren astegoienean. Horrela, 2023an Basaurin izango dan ‘LI. EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’ dantza autoktonoen ikuskizuna irailaren 16an izango da (zapatua), arratsaldeko 19:00etan Bizkotxalde parkean, eta honako talde autoktono honeek hartuko dabe parte:

  • Deustuko Andreak (Deustu, Bizkaia)
  • Eltziegoko dantza taldea (Eltziego, Araba)
  • Kezka (Eibar, Gipuzkoa)
  • Aurrera (Leitza, Nafarroa)
  • Ondalan Erraldoien Konpartsa (Deustu, Bizkaia)

Nabarmentzekoa da aurton Eibarreko Kezka taldeak lehen aldiz hartuko dauela parte EH Dantza Agerketan, irailaren 8an Santutegian dantzatzen dauzan Arrateko Ama Birjinaren omenezko dantzak eskainiz. Arrateko erromeriak hainbat lekutatik etorritako jentea bildu izan dau beti, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik. Irailaren 8ko ospakizunetan egindako dantzak tradizino bat izan dira aspaldidanik, eta horreek indartzeko asmoz, 2005ean Kezka taldeak Arrateko dantzen errepertorioa osatu eban ezpata-dantza eta trokeo-dantzeagaz.

Irailaren 8an goizeko 11etan urtero egiten dan meza nagusian, txistulari, bertsolari eta trikitilariekin batera, dantzariak izaten dira eleizako sarreran protagonista: Arrateko ezpata-dantza dantzatzen dabe dantzari bakarlariak eta, ezpatak altzauz, barriz be kanpora urteten da taldea. Mezaren urteeran prozesino bat egiten da, ezpata-dantzariek Ama Birjinaren inguruan, aurretik dantzatuz eta ezpatekin zubiak eginez. Itzultzean, dantzariak Arrateko ezpata-dantza eskeintzen deutse barriro Ama Birjineari eta dantzaren ondoren, irudia eleiza barrura itzultzen da. Prozesinoa amaituta, dantzariek beren errepertorio nagusia erakusten dabe zabalgunean: ezpata-dantza osoa eta hiru trokeo-dantza (makil txikiena, makil handiena eta brokel-makilena).

Dantza errepertorioa osatzeaz gain, 2005ean Arrateko Dantzarien Kofradia be sortu zan, dantzetan parte harten daben dantzariak osatzen dabena. Lehenengo urtean 33 dantzari izan ziran ezpata-dantzan, eta gaur egun 100 kide baino gehiago ditu Kofradiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00