Asun Garikano hizkuntzalaria, euskaltzain oso izateko hautagai

Irailaren 29an jakingo da Patxi Goenaga euskaltzain emerituaren lekua idazle eta itzultzaile tolosarrak hartzen dauan ala ez
Euskaltzaindia / Asun Garikano

Euskaltzaindiaren egoitzan egin dan Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlearena. Gogoratu behar da Patxi Goenaga emeritu izatera igaro zala maiatzaren 5ean, 75 urte bete baitzituan egun horretan hizkuntzalari azpeitiarrak. Eta maiatzaren 26an Baionan egin zan Osoko bilkuran zabaldu zan hautagaiak aurkezteko epea.

Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen dauan moduan eta euskaltzain oso eta emerituen botoen nagusitasuna lortu ezkero, irailaren 29ko Osoko bilkuran egingo dan bozketan jakingo da Patxi Goenagaren lekua Asun Garikanok hartuko dauan ala ez.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962)

Euskal Filologian lizentziatua, Gasteizko IRALEko irakasle eta EIMAko kide izandakoa da Asun Garikano. Ameriketako euskaldunei buruzko liburu bi idatzi dauz: Faste Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile lez, ingelesetik euskerara itzuli dauz Robert Louis Stevensonen, William Faulkneurren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste hainbat egileren lanak. Euskeratik gaztelaniara,  barriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizino-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Era berean, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizinoaz arduratu da.

Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen dau Garikanok. Hezkuntza-komunidadeari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsinoakaz lotutako testu hautatuak eskainiko dauz, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular