Mungiako Udalak Torrebillela Kultur Etxearen irisgarritasuna hobetu dau, eskilara elektrikoen salbamendu bat jarrita. Hobekuntza horretara 18.137 euroko inbertsinoa bideratu da. Era berean udalak futbol-zelaiaren irisgarritasuna eta segurutasuna handitu dau, harmaila barri bategaz.
Udalak ohar baten bidez jakinarazo dauenez, Torrebillela eskilara elektriko baten instalazinoak Kultur Etxe honetako ekitaldi-aretoa erabilten daben persona eta alkarte guztien beharrei erantzutea dauka helburu.
Mungiako Udalak “lanean jarraitzen dau” udalerria toki irisgarriagoa izan daiten, adierazo dabenez. Torrebillela Kultur Etxearen kasuan, Torrebilellako ekitaldi-aretoan eskilara-salbamentu elektrikoa jarri da, agertokira igotea errazteko.
Mungiako alkate Alaitz Erkorekak nabarmendu dau lanean jarraitzen dabela “zerbitzu eta azpiegitura bakotxa mungiar guztientzat irisgarriagoa” izan daiten. Bere esanetan, legealdia hastean hartu eben konpromiso hori, eta horren alde lanean jarraitzen dabe behar diran eremu guztietan.
FUTBOL ZELAIA
Horregaz batera, Legardako udal futbol-zelaiaren harmaila barria be aitatu behar da, “irisgarritasuna eta segurutasuna nabarmen hobetu baitira”.
Era berean, Mungiako hainbat haur-parketetan obrak martxan dagoz, halan nola Paladon eta Landetxon. Bertan, lurraren irisgarritasunaren aldeko apustua egiteaz gain, dagozan kulunkak beste jolas inklusiboago batzukaitik aldatzen dabilz pertsona guztiek gozatu dagien.