Raspas Arrauneko lau kirolari izango dira Arraun Olinpikoko Munduko Txapelketan

Getxo eta Euskadi ordezkatuko dabez
Raspaseko taldea / Raspas del Embarcadero

Raspas del Embarcadero A.E. taldeko lau kidek ordezkatuko dabe Getxo eta Euskadi arraun olinpikoaren urteko hitzordu garrantzitsuenean: Munduko Txapelketa, irailaren 3tik 8ra Belgradon, Serbiako hiriburuan, FISAk (Arraun Elkarteen Nazinoarteko Federazinoa) eta herrialde horretako Federazinoak antolatuta. Virginia Diaz, Esther Briz, Izaskun Etxaniz eta Mario Lopez arraunlariek osatzen dabe Raspas Arraunen ordezkaritza mundu mailako txapelketa honetan.

Esther Briz Aina Cid kataluniarrarekin batera lehiatuko dan lemazain gabeko biko ontzia (2-) da, a priori, modalitate horretako podiumean toki bat lortzeko aukera gehien daukazana. Ezusteko larririk ezean, ia ziurtzat jotzen da modalitateko sailkapen olinpikoa lortuko dauala (guztira 11 ontzi sailkatzen dira). Australiako bikotea da titulua eskuratzeko faborito nagusia.

Virginia Diaz, berriz, skiffean (1x) lehiatuko da, non faborito nagusiak Australiako eta Herbehereetako ordezkariak diran, orain arte besteak baino askoz gehiago izan baitira. Denporak kontuan hartuta, Virginiak brontzezko domina lortzeko aukera izan dezake, ez baitago faborito nagusiek egindako marketatik oso urrun; baina egia da 3. postutik 14.era maila oso antzekoa dela, aldeak oso txikiak baitira (3 segundokoak). 8 dira Olinpiar Jokoetarako sailkatuko diran ontziak eta Virginiak, beraz,  modalitateko izen handien aurka lehiatu beharko dau, apustu arriskutsua egin baidau lemazain gabeko biko ontzia utzi ondoren. Prestaketa ona egin dau munduko txapelketa honi begira, eta sasoi onean dago, nahiz eta zorte dosi onak be beharko dauz lehiaketa hasten dan egunean.

Izaskun Etxaniz izango da lemazain gabeko ontziko (4-) taldekideetako bat, eta ziurgabetasun apur batekin ekingo dinoe txapelketari; izan be, Europako Txapelketan lan polita egin ondoren, ontzia desegin eben eta orain kide berriak dauzka. Aurkari indartsuen aurka borrokatu beharko dabe, 8 txalupa be sailkatzen diran modalidade batean. Australia, Kanada eta Britainia Handia dira dominak lortzeko faborito nagusiak, eta Italia, Frantzia edo Irlanda be domina lortzeko lehia horretan izango dira.

Neskez gain, Mario Lopez be Munduko Txapelketan izango da, eta arraun egokituko 4+ mistoan lehiatuko da (4Pr3 kategoria). Lehiaketa honetan debuta egiten dauan ontzia da, eta, beraz, inork ez daki zenbatgarren tokian sailka daitezkeen, nahiz eta ikasteko eta esperientziaz gozatzeko asmoz joango diran txapelketara. Lehiatuko diran hamaika ontzietatik zortzi sailkatuko dira. 51 urterekin, Mario sasoi onean dago, eta meritu propioengatik lortu dau munduko txapelketa honetara joateko plaza.

Itsas arrauneko Europako Txapelketa

Bestalde, Raspas Arraun Frantziako La Seyne-sur-Mer hirian egingo dan Europako itsas arraun Txapelketan parte hartzen ari da domeka honetara arte, irailaren 3ra arte. Raspaseko arraunlaria dan Adrian Miramon da faborito nagusia tituluaren defentsan. Bi ontzirekin lehiatzen da, skiff eta bikoitzarekin, Beach Sprint eta Endurance modalitateetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular