“Sustraien Matxinada” diskoa aurkeztu dabe Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek

Datorren urteko Loraldian, Bilbon eskeiniko dabe emonaldia

Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabalek “Sustraien Matxinada” diskoa aurkeztu dabe gaur goizean Donostian. Elkar argitaletxetik, Andres Camio “Jitu”-k, musika arduradunak esan dau, disko handi bat dala honakoa. Definidu beharko baleu, Camiok esan dau, nahasketa bat dala, estilo bat baino gehiagoren nahasketea. Euskal folklorea, jazza eta musika klasikoaren arteko nahasketea litzateke. Egia esan, Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal lehenengoz alkartu dira disko bat sortzeko. Hermosak azaldu dauanez, aspalditik ezagutzen ziran eta agendan lekua aurkitu dabenean, bat egitea lortu dabenean, zeozer handia egiteko gogoa izan dabela aitortu dau.
30-40 kanta inguru sortu dabez alkarregaz. Gorka Hermosarenak dira konposaketak. Gogoratuko dogu akordeoiaren erreferente bat dala Hermosa mundu mailan. Bere azken konposizinoa Berliner Philarmonikerren eta Branderbugoko atearen aurrean estreinau zan maiatzean. Akordeoirako konposizino onenaren sari bat baino gehiago irabazi dauz eta berak sortutako doinuak 45 orkestra baino gehiagok interpretau dabez AEBtan, Korean, Txinan edo Brasilen. Berak azaldu dauanez, “Sustraien Matxinada” disko honetarako, Garikoitz Mendizabalen txistuak, sustrai sakoneko soinua dakar. Garikoitzek bere instrumentua irauli egin dauala azaldu dabe, soinu noble, estilo propio eta birtuosismo itzela lortuz.
Biak beraz musika onak, baina lan honetan ez dira bakarrik egon. Carles Benavent eta Tino di Geraldo baxu eta batería-jotzaileagaz grabau dabe diskoa. Santanderren ezagutu ebazan biak Hermosak. Bai berak eta baita Mendizabalek be, aitortu egin dabe esperientzia ahazteziña izan dala eurekaz grabatu ahal izatea. Carles Benavent eta Tino di Geraldo, Camaron, Paco de Lucia, Miles Davis edo Chic Corea moduko artistakaz ibilitakoak dira.
Disko barria, hileon aurkeztuko dabe zuzenean Zumarragan. Antion baselizan joko dabe irailaren 23an. Madrileko Sala Galileon egotekoak be badira eta Gasteizeko Antxina Folk jaialdian be izango dira. Hemen Bizkaian, Loraldian izango dira martian, Nerea Arrien, Leire Bilbao eta Toti Martinez de Lezeagaz batera.
“Sustraien Matxinada” diskoa aurkezteko, “Mater Noster” izeneko doinuaren bideoklipa be aurkeztu dau bikote honek:
https://youtu.be/XKJSiY1_HOw

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular