Bilbao Basketen europar estreinaldi lasaia Miribillan (89-64)

Sibiu talde errumaniarra erraz menderatu dabe baltzezko gizonek
Tsampouris Sibiuren aurkako europar partiduan / Bilbao Basket

Agertokia prest egoan Miribillan, ikusle kopuru onagaz, eta Blbao Basketek ez eban kale egin. Partida honek ACBko taldeari bere nagusitasuna erakusteko aukerea emon eutson. Bilbao Basketeko jokalarien mobimentu bakotxak txapelketea honetako finalera heltzea posible izan ahal dala erakutsi eban. Azpimarragarriena, argi eta garbi, beheragoko aurkari batenganako begirunea izan zan.

FIBA Europa Cup-ek Miribillan egin eban geldialdia, uria bisitau eban laugarren txapelketa kontinentala izan zan. Talde bilbotarra jokoan nagusi izateko asmo sendoagaz zelairatu zan. Lehen hiru minutuetatik, taldeak bere joko ona erakutsi eban, hainbat jokaldi eginaz, halan nola mateak, baloi lapurretak, hirukoak eta bi gehi bateko jokaldiak. Baloi lapurretak eta kontraeraso azkarrek ia hamar puntuko abantaila erosoa ezarri eben lehen laurdenean, eta, ondorioz, partidua nasaiagoa izan zan.

Bilbao Basketen abantailak sendoa izaten jarraitzen eban azken laurdenean, 67-41eko emaitzeagaz, eta kontraeraso azkarretan saskiratzen jarraitzen eben. Orduan proben unea iritsi zan, Rabaseda hegal-pibot lez eta Kullamae joko antolatzaile lez jokatzen hasi ziran, konfigurazino hau nahiko ohikoa zan arren. Ondoren, entrenatzaileak Tsampouris zelairatu eban pibot moduan eta De Ridder hegal-pibot lez, bisitariak itxaropen handi barik jokatzen ebilzan bitartean. Une barregarri bat be izan zan Prattek publizidade hesi batekin talka egin ebanean aulkitik kantxara sartzean, eta horrek animazino harmailak “Hori faltea da” oihukatzera eroan ebazan. Errumaniarrek defentsako intentsidadea jaitsi eben, eta Bilbao Basketeko jokalariak gozau egin eben jokoaz. Halan be, akats baten ondorioz De Ridderrek hutsegite tekniko bat egin eban eta Ivanovek protesta egiten jarraitu eban saskipeko sarrera batean, eta horrek hutsegite tekniko bat ekarri eutsan. Oro har, Miribillako gaua esperientzia dibertigarri eta nasaia izan zan talde bizkaitarrarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular