F Ligan, Athleticek denporaldiko lehen garaipena lortu dau Granadaren aurka

Zurigorrien gola (1-0) Ane Azconak lortu eban
Lehoiek garaipena ospatzen, Lezaman / Athletic Club

Etxetik kanpo bi porrot jaso ondoren, Athletic labana hortz artean eukala itzuli zan Lezamara. Grebak atzeratutako egun honetan ordaina hartzeko eta denporaldiko lehen poza hartzeko gogoa euken jokalariek. Granadarrei egokitu jaken plater hautsiak ordaintzea. Talde zurigorriak soiltasun handia erakutsi eban berdean, eta honek, bere lerroetan daukan talentu oparoagaz batera, garaipena lortzeko koktel ezin hobea izan zan. Ane Azkonak neurketearen hasierean sartutako gol bakar bati esker, lehoiek burua atera ahal izan eben jatsierea postuetatik.

David Aznarrek, zurigorrien entrenatzaileak, bost aldaketa egin ebazan hasierako eskeman, eta Nanclaresek bere debuta egin eban atean, Quiñonesen ordez. Gazteria nagusi zan taldean, 23 urteko batez besteko adinagaz.

Lehoi gazte honeek baloia mogiduteko eukien talentuak hasiereatik izan eban eragina. Zuri-gorriek hasiereako txistua jo eta gero hartu eben baloia kontrolpean.  Athleticek jokoaren alderdi guztiak menperatu ebazan eta, batez be alboko zentroetatik sortutako aukerak eukin ebazan, izan be, alboetatik asko sufriarazoten eutsien aurkariari.

Etxekoen hainbat jaurtiketa izan ziran norgehiagokaren lehen minutuetan, baina ez eben Sandra, Granadako atezaina, estutasun handitan jarri. Nagusitasun nabariak saria lortu eban talkaren lehen ordu laurena betetean. Azkonak buelta erdian errematau eban Elexpururen erdiraketea eskuin hegaletik, baina atezainak ezin izan eban ezer egin. Erasotzaile nafarrak une onean estreinatu dau denporaldi honetako golen zerrendea. Halan be, oraindik bide luzea eukien zuri-gorriek gol horri balioa emoteko.

Izan be, Athleticen kontrola bertan behera geratu zan gola sartu ebanean. David Aznarrek zuzentzen dauen taldeak  atzerapausoa emon eban eta Granadak egoera hori baliau eban zelaian finkatzeko, jaubetza hainbat unetan eskuratzeko eta Lezaman ezer konponduta ez egoala ikusarazoteko. Aldageletatik igaro ondoren, Athleticek partidua barriro be kontrolpean izatea lortu eban. Amaiera arte sufridu eben baina azkenean hiru puntuak etxean lotu ziran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular