Fantasiaz beteko da 58. Durangoko Azoka

Ximon Agirrek "Fantasia DA" lelopean azokarako kartela egin dau

Fantasia Da! Leloagaz aurkeztu da gaur Durangoko Azokaren 58. Edizinoa. Abenduaren 6tik 10era bitartean egingo da aurten Durangoko Azoka. Leloa eta kartela aurkeztu dabez gaur. Fantasiaz betetako azoka izango dala nabarmendu dau Nerea Mugika Gerediaga alkarteko presidenteak.

Kartela

Ximon Agirre artista hernaniarrak egin dau kartela. Artean graduatu zan Euskal Herriko Unibertsidadean. Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazinoko eta Lanketa Artistikoko masterra egin eban Gaztela-Mantxako Unibertsidadean. Ilustrazinoan, bideogintzan eta animazinoan jardundakoa da. Azkenaldian, musika taldeentzat ibili da lanean, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen. Belako, Lukiek, Kristonak edo Amooma taldeakaz ibili da besteak beste. Durangoko Azokako kartela dala eta sormena izan da ardatz bere esanetan.

Online aurten ez

Aurten, nobedade handienetarikoa da, ez dala online azokarik izango. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga alkarteko kudeatzaileak gogoratu dau 2020an online azoka baino ez zala izan pandemiak behartuta. 2021. urtean aurrez aurrekoa eta birtuala alkartu ziran, erdibideko azoka eskeiniz. Iaz, online aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zan eta erabiltzaileek aukera hori lehenetsi eben. Hori dala eta aurten ez da online azokarik eskeiniko. Etorkizunean, premina egongo balitz, egoerara egokitzeko adi egongo direla esan dabe.

Ikasle Goiza

Gerediaga alkartea egitaraua prestatzen hasita dago. Zabalik dago oraindino proposamenak aurkezteko epea urriaren 15era bitartean, www.durangokoazoka.eus webgunean. Gogoratu aurten, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango dala, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da egun horreta. PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dabe ikasleek. Azoka amaituta bestalde, Zu Non, Han DA! Ekimenaren bitartez, Euskal Herri osoan zabalduko da azoka. Nobedadeak eskuragarri egongo dira hainbat liburu dendatan. Honeentzat asteon zabalduko da izena emoteko epea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular