Martxan da Galdakaoko Berbalagun programaren ikasturte barria

Euskeraz aritzea kosta egiten jakenen jarioa hobetzeko helburua dau Berbalagun programak
Iñigo Hernando eta Asier Iragorri, Galdakao eta Basauriko alkateak, Berbalagun programaren aurkezpenean / Galdakaoko Udala

Euskeraz aritzea kosta egiten jakenen jarioa hobetzeko helburuagaz, martxan da barriro Berbalagun programa, ikasturteagaz batera. Udalak eta euskaltegiak bat eginda, euskeraz bizi nahi dabenei hizkera hobetzeko aukerea emoten deutse egitasmoak, edo horretan laguntzeko bidelagun izetea. Alegia, euskeraz ondo berba egiten dabenak eta ez hain ondo moldatzen diranak alkartea, alkar lagun daitezan. Aldiro euskeraz berba egiteko geratzea da muna; ohiko modurik klasikoenean mahai baten bueltan zerbait hartuz, edo interes guneak baliauta be bai. Galdakoztarrek eskura dabe aukera, doan, eta talde batzuk martxan ari diran arren, izen emoteko aukera eta talde barriak sortekoa zabalik dago.

Gaur aurkeztu da ikasturte barria, Basaurin egindako agerraldian. Izan be, eskutik aritzen dira Berbalagun programan Galdakao eta Basauri. Bi herrietako alkateak, bi herrietan Berbalagun egitasmoaren arduradun diranak eta programan parte harten daben kide batzuk batu dira aurkezpenean. “Erakundeen aldetik halako ekimenei bultzada emotea beharrezkoa da, eta arabere gehiago azkenaldian euskera jasaten ari dan erasoak ikusita; beharrezkoa da babesa”, adierazo dau Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Herritarrentzat aukera polita dala iruditzen jako, gainera: “Euskaraz bizi nahi dogunontzat espazio barriak sorten dira, jente barria ezagutzen da, eta polita da, gustura egiten da”.

Asier Iragorri Basauriko alkateak nabarmendu dau hizkuntz bat, erabilten ez bada, galdu egiten dala. Beraz, euskera bultzateko baliabideak jarteko eta euskera kalera aterateko deia egin dau.

Asier Martinek eta Ioritz Lopez de Aldak azaldu ditue programaren nondik norakoak, Galdakaoko eta Basauriko arduradun diranez, eta orain artekoei zein ikasturte barrirako erronkei buruz aritu dira. Interes taldeak areagotzeko asmoa azaldu dabe: aurton, eskalada taldea eta makrame taldea sortu nahi ditue. Igaz sortutako mus taldeen artean txapelketa antolatzea be badarabile buruan.

Horreez gaine, hilean behin ibilpidea egiten dauen mendi taldea be badago, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera taldea, paseo taldea, Gurasolagun taldeak eta irakurketa taldea. Eta jakina, ohiko taldeak, hizketarako tabernan geratzen diranak.

Horietako hainbat moltso dagoaneko martxan dagozan arren, Berbalagun aurkezpen jaia zemendiaren 14an egingo da Galdakaon, Ganguren tabernan. Zemendiaren 29an, barriz, Mintzodromoa izango da, 10:30ean, Torrezabal kultur etxean.

Berbalagun taldeetan parte harteko edo ekitaldien agenda jasotzeko 607 146 855 telefonora deitu daiteke, edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idatzi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular