293 kilo hegalaburra saldu dabe martitzen honetan Bermeoko San Pedro kofradian. Aradon Berria izeneko ontziak harrapatu dau zimarroia Matxitxakotik berrogei bat itsas milara ipar ekialderantz. Arrain handi hau 10,48 eurotan saldu da kiloa eta balioa hiru mila eurotik gorakoa izan da. Bermeoko jantoki batek erosi dau bere bezeroei eskeintzeko.
Ez da ohikoa holako atunik saltzea Bermeoko portuan. Normalean, arrantzaleak hegaluzeak harrapatzen dabez ekainetik irailera eta honeen tamaina hegalaburrarena baino txikiagoa izaten da, lau eta hamabost bat kilo bitartekoa. Bizkaia eta Gipuzkoako ontziek mila tona inguruko kuota daukie hegalaburra arrantzatzeko baina azken urteetan saldu egiten deutsoe kuota hori iberiar peninsulako hegoaldeko enpresa bateri. Ondorioz, gero eta zimarroi gehiago dago Bizkaiko Golkoan. Aurreko astean Armintzako Kalaberri ontziak 70 kiloko hegalabur bat harrapau eban lebatzetan ebilela.