Granadak eta Athleticek astelehenean berrekin deutse Nuevo Los Carmenes futbol-zelaian domekan bertan behera geratu zan partiduari. Markagailuak Iñaki Williamsen 0-1ekoa islatzen eban. Talde bilbotarra nagusi izan da lehenengo zatian, baina bigarrenean Galarretak bardinketea erabagi dau, zorte txarreko jokaldi baten, bere atean gola sartuz.
Bilbotarren nagusitasunak nabaria izaten jarraitu dau astelehenean. Talde zuri-gorriak abagune oso argiak izan dauz bere errentea handitzeko: Sanceten jaurtiketea desbideratu bat, Guruzetaren errekuperazino eta pasearen ostean, edo Iñaki Williamsen burukadea langara. Askoz gehiago izan dira Valverderen mutilak lehenengo zati honetan, baina ez dabe asmau, eta askotan gertatzen dan lez, taldeak ordaindu egin dau gero. Bigarren zatian, Athleticek besoak jaitsi dauz eta gola oparitu deutso Granadari, Galarretak bere ate propioan sartuta. Lehoiek ez dabe izan garaipenaren bidea aurkitzeko behar dane oxigenoa edo distira.
Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dago. Hurrengo zapatuan Atletico Madrilen kontra San Mamesen jokatuko dauan partidu handia dauka begiz jota.