Aspaldiko partidurik makalena Cadizen

Athletic ez eban Cadizen ateko hiru zutoinen artera jaurti partidu osoan eta ez eban meriturik egin garaipena eskuratzeko
Cris Ramosek burukomin handiak sortu ebazan zuri-gorrien atzealdean / Athletic Club

Athleticek ezin izan dau irabazi Cadizen aurkako partidua eta puntu bakar bategaz itzuliko da Bilbora. Ernesto Valverderen gizonek ez eben baloirik jaurti aurkariaren ateko hiru zutoinen artean eta holan, jakina, ez dago golik sartzerik eta golik sartu ezean ezinezkoa da hiru puntuak eskuratzea. Aspaldian Athleticek jokatu dauen partidurik makalena izan da Nuevo Mirandillan jokatutakoa. Ernesto Valverdek berak norgehiagoka amaitu ostean esan eban lez, Cadizek eta Athleticek jokatutako partidua ez da futbolaren historian sartuko.

Athleticeko entrenatzaileak zazpi aldaketa egin ebazan hasierako hamaikakoan Bartzelonaren aurkako partiduagaz alderatuta. Valverdek aulkian itxi ebazan Sancet, Guruzeta, Paredes, Nico Williams eta Yuri Berchiche eta hasierako hamaikakoan sartu ebazan Yeray Alvarez, Oscar de Marcos, Unai Gomez, Adu Ares, Herrera eta  Asier Villalibre. Zuri-gorriak ez ziran fin ibili lehen zatian eta askorik sufridu ez arren ez ziran gauza izan arriskurik sortzeko Conanen ate aurrean. Adu Aresen jaurtiketa bat izan zan zuri-gorriek erasoan egin eben gauza bakarra lehen 45 minutuetan.

Cadizek be ez eban arrisku handirik sortu baina Unai Simonek geldiketa on bi egin behar izan ditu Alcaraz eta Sobrinoren jaurtiketak desbideratzeko.

Valverdek ez eban aldaketarik egin atsedenaldian baina bigarren zatiko bosgarren minuturako aldaketa hirukoitza egin eban, Sancet, Yuri eta Mikel Jauregizar zelairatuta. Apur bat beranduago Nico Williams sartu eban zelaian eta azkenik Guruzetak Villalibreren lekua hartu eban. Aldaketekaz Athleticek aurrerapausu bat emon eban garaipenaren golaren bila joateko. Zuri-gorrien nagusitasunak, ostera, ez eban saririk izan, ezin izan ebelako minik egin Cadizen atean. Halanda ze, Athleticek ez eban meritorik egin garaipena eskuratzeko eta bapenazko bardinketak ondo erakusten dau zelaian gertatutakoa. Yeray barriro zelaian ikustea izan da jardunaldiko albisterik onena. Aurreratu begiratu behar da eta hurrengo hitzordua Mallorcaren aurka dauka Ahleticek datorren barikuan San Mamesen, ahaztu barik hurrengo eguaztenean, otsailaren 7an, Atletico de Madriden aurka jokatuko dauela kopa txapelketako final aurrekoetako kanporaketako joaneko partiduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular