Athleticek bosgarren aldiz jarraian jokatuko ditu Errege Kopako finalaurrekoak

Zuri-gorriek 4-2 irabazi deutsie Bartzelonari luzapenean, bina bardindu eta gero San Mameseko gau magikoan

Athletic Errege Kopako finalaurrekoetan izango da, Bartzelonari luzapenean 4-2 irabazi ondoren. Horrela, bosgarren aldiz jarraian egongo dira zuri-gorriak finalera heltzeko lehian. 2020. eta 2021. urteetan Athletic Errege Kopako finalera heldu zan; 2022. eta 2023. urteetan, barriz, finalaurrekoetan bukatu zan lehoien abentura.

Partidua hasi eta berehala, Gorka Guruzetak partiduko lehenengo gola eskuratu dau, jokaldi korapilatsu baten ostean. Gola sartu eta gero, Athleticek erasora joateko ahalegina egin dau, aukera garbirik euki ez arren. Dana dala, Bartzelona ez da zelaian eroso egon, Julen Agirrezabalaren atera heldu ezinik. Halanda be, Yurik bere atetik baloia urruntzeko egindako ahaleginean, zoritxarreko gola eskuratu dau Lewandowskik Bartzelonarentzat. Lehoiak kokolotuta gelditu dira jasotako golagaitik eta lehenengo goletik sei minutu pasa ostean Lamine Yamalek Bartzelonaren bigarrena sartu dau.

Atsedenaldia ondo etorri jako Athleticeri. Unai Gomez zelaira atera da eta taldearen animoa guztiz igon dau. Athleticek bigarren zatiko laugarren minutuan lortu dau bardinketaren gola, Oihan Sancetek buruz egindako erremate bati esker. Bigarren zatiko aukera gehienak Athleticek sortu ditu. Halanda be, Lamine Yamalek aukera garbi bi izan ditu Bartzelonari sailkapena emoteko.

Partidua luzapenera heldu da. Athletic fisikoki oso nagusi izan da. Bestetik, Bartzelona justu samar heldu da azkenengo minutuetara. Lehenengo zatiko luzapenean, Boli Kostatik egunean bertan iritsitako Iñaki Williamsek Athleticen hirugarren gola eskuratu dau, San Mamesen festa lehertuz. Luzapeneko bigarren zatian, Athletic fin ibili da defentsan eta Bartzelonak ez dau aukera onik sortu. Azkenean, bigarren zatiko luzapenean Nico Williamsek azkenengo gola sartu dau, Athleticen kontraeraso on baten ostean. Beraz, Athletic bariku eguerdian egingo dan zozketaren parte izango da, Reala eta Mallorca taldeekaz batera. Laugarren sailkatua Atletico Madril eta Sevillaren arteko kanporaketatik aterako da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular