Hiru partidu finalerako

Denporaldi honetan San Mamesen erakutsitako sendotasunari eutsi gura deutso Athleticek Bartzelona kanporatzeko
Oihan Sancet eta Ferran Torres 2022ko urtarrilean San Mamesen jokatutako kanporaketan / Athletic Club

Hiru partidu geratzen jakoz Athletici 2024 ko Kopa txapelketako finala jokatzeko. Rubi, Cayon, Eibar eta Alaves kanporatu ostean, Bartzelonaren aurka jokatuko dabe zuri-gorriek final aurrekoetarako sailkapena eskuratzeko asmoagaz. Esan beharrik be ez dago, ez dala erreza izango. Ernesto Valverderen taldeak Bartzelona menderatu beharko dau finalaren atarian kokatzeko bosgarren urtez jarraian. Aurkari gogorra izan arren, norgehiagokea San Mamesen jokatuta Athleticek 50.000 mila zaleren babesa eta berotasuna izango ditu lagun kanporaketea gainditzeko ahaleginean.

Athletic eta Bartzelonaren arteko partiduen estadistika orokorra kataluniarren aldekoa bada be, zuri-gorriak nagusi izan dira azken urteotan Kopa txapelketan jokatutako kanporaketetan, Marcelino, Garitano eta Ernesto Valverderen eskutik. Inoiz ez dogu ahaztuko Athleticek Bartzelonari emon eutson jipoia Superkopan San Mamesen. Iraganeko kontuak dira, bai, baina datu horreek gogoratzen deuskue talde blaugrana ez dala gaindiezina.

Athleticeko jokalariek gaur arratsaldean egingo dabe azken entrenamendu saioa bihar Kopako kanporaketea jokatu aurretik. Vesgak eta Ruiz de Galarretak ez eben parte hartu atzoko saioan eta ikusteko dago prest egongo diran Bartzelonaren aurka jokatzeko. Eibarko erdilariaren kasuan, pentsa lei ez dauela arazorik izango hasieratik jokatzeko kopako partiduan. Vesgaren kasua kezkagarriagoa da. Arabarra deialditik kanpo geratu zan Valentziaren aurkako partiduan, izterraren atzeko aldean giharretako arazoak zitualako. Hiru egun igaro dira ordutik eta ikusteko dago min horreek desagertu diran ala ez. Edozein kasutan, Valverdek ez dau arriskurik hartuko eta ez dau Vesga zelairatuko erabat errekuperatuta ez badago. Izan be, zuntz haustura bat izan ezkero, hilabeterako galduko leuke jokalaria. Vesgak jokatzen ez badau, Beñat Prados da hautagai nagusia zelai erdiko bikotea osatzeko Ruiz de Galarretagaz ala Herreragaz. Beste alde batetik, leitekeena da Dani Garcia deialdira itzultzea luzaroan jokatu ezinik egon ostean.

Beste lerroetan ez da itxaroten aldaketa handirik. Izan be, aurreko kanporaketetan ez bezala, ez dirudi Valverdek aldaketa handirik egingo dituenik ligan zelairatzen dauen hamaikakoan. Julen Agirrezabala izango da atean -azken orduko ezusterik ez badago behintzat-, Lekue, Vivian, Paredes eta Yuri atzealdean, Prados eta Galarreta edo Herrera zelai erdian, Berenguer, Oihan Sancet eta Nico Williams hiruko lerroan eta Gorka Guruzeta aurrealdean.

Bartzelonaren aurkako partiduak ikusmin handia sortu dau Athletic zaleen artean eta 50.000 zale baino gehiago batuko dira Katedralean Kopa txapelketako partidua ikusteko. Ez da baztertu behar San Mames barriko ikusle errekorra gainditzea. 53.331 jesarleku ditu Athleticen estadio barriak eta errekorra 51.544 ikuslekoa da, Osasunaren aurkako Kopako final aurrekotako kanporaketako itzuliko partiduan batu ziranak. Realaren aurkako aurtengo ligako partiduan errekorra gainditzetik hurre egon ziran Athletic zaleak eta leitekeena da langa hori gainditzea Bartzelonaren aurkako partiduan.

Xavi Hernandezen taldeari jagokonez, une onean etorriko da San Mamesera azken jardunaldian denporaldiko partidurik onenetakoa egin ostean Benito Villamarinen Betisen aurka 2-4 irabazi eban partiduan. Blaugranek, ostera, ez dabe maila onik emon orain arte Kopan jokatu dituen kanporaketetan. Izan be, aurretik pentsa baino arazo gehiago euki ebazan Barbastro eta Salamancako Unionistas kanporatzeko. Edozelan be, Bartzelonak goi mailako jokalariak ditu eta aurkari arriskutsua izango da San Mamesen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular