Athleticek goikaldean finkatzeko aukerea dauka UD Almeriaren aurka

Guruzeta, Nico eta Vivian baja izango dira gaurko partidurako

Athleticek UD Almeriaren aurka jokatuko dau astelehen honetan Power Horse Stadiumean EA Sports Ligako 24. jardunaldiari amaierea emoteko. 3 puntuak lortu ezkero, talde zuri-gorria puntutan bardinduta egongo zan sailkapenean laugarren dagoan Atletico Madrilegaz. Atzetik, orain 7 puntura Betis dago. Nico, Guruzeta eta Dani Vivian ez dira Almeriara joan. Vivian azken orduko baja da eskuin oineko enpeineko minagaitik. Almeriarrek ez dabe oraindik garaipena ezagutzen eta ahal daben guztia egingo dabe gaur gaueko 21:00etatik aurrera garaipena lortzeko. Victor Garcia Verdurak (Kataluniako Batzordea) zuzenduko dau Busquets Ferrerrekin VARean.

Gaizka Garitanok hiru jokalari barri ditu taldean, azken egunetan etorritakoak: Jonathan Viera, Choco Lozano eta Bruno Langa. Norgehiagokaren aurreko prentsaurrekoan, Almeriako entrenatzaileak aurkariarekiko sentimenduak aitatu dauz: “Athleticen aurka jokatzea, niretzat, berezia da, nire bizitzako taldea izan dalako eta dalako, txikitatik bazkide nazena. Baina oraintxe bertan nire bizitza Almeriak irabaztearen helburua dauka, horretan nabil buru-belarri eta energia guztiakaz”.

“Maila onean egon behar dogu irabazteko”

Ernesto Valverdek ohiko prentsaurrekoa emon dau, partido gatxa itxaroten dabela azpimarratuz: “Etxetik kanpo jokatzen dogu eta, begibistakoa da partidu gatxa izango dala, eurek partidu guztietan ondo lehiatzen dabe. Gauza jakin batzuengaitik dagoz azken postuan. Gero eta denbora gitxiago geratzen da eta, bizi daben egoerea dala-eta, talde extramotibatu bat itxaroten dogu. Maila onean egon behar dogu irabazi ahal izateko”.

Misterrak “garrantzitsutzat” jo dau astelehen honetako partidua: “Partiduak oso jarraian datozenean, mundu guztiak aukeratzen dau garrantzitsuena, aurkariaren edo lehiaren arabera, eta ez da konturatzen danetan gauzak jokatzen ari zarala. Ez dakigu kanporaketa pasako dogun eta Ligak hor manteniduten gaitu. Bihar aukera parebakoa dogu posizino onean jarraitzeko. Sailkapena ikusi besterik ez dago hiru puntu lortu eta aurrerapauso handia emoten dozunean».

DEIALDIA

Athletic Club: Unai Simón, Agirrezabala, Paredes, Yeray, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, Dani García, I. Lekue, Ruiz de Galarreta, Yuri, De Marcos, Imanol, Villalibre, Ander Herrera, Raúl García, Adu Ares, Prados, Unai G. y Jauregizar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00