San Juan de Dios ospitalak 21.970 kilo janari banatu ebazan 2023an

Programea Bizkaiko Elikagaien Bankuagaz eta Santurtziko Udalagaz batera lankidetzan garatzen da
Santurtziko San Juan de Dios ospitalak 21.970 kilo janari banatu ebazan 2023an / Bizkaia Irratia

San Juan de Dios ospitalak 21.970 kilo elikagai banatu ebazan 2023. urtean Santurtziko 219 pertsonaren artean. Bizkaiko Elikagaien Bankuagaz eta Santurtziko Udalagaz batera, Elikadura Laguntza programea garatzen dabe gizarte bazterkeria arriskuan dagozan pertsonentzako eta baliabiderik bako familientzako.

Igaz murriztu egin zan banatutako elikagai kopurua, besteak beste, esnea erosteko txartel-zorro modalidadea ezarri ebelako, prezioak igon egin ziralako eta artatzeko famili gitxiago egozalako. Gehien banatu ziran elikagaiak esnekiak izan ziran (%25,7) eta ondoren izoztuak eta kontserbak (%20,5). Ostean arroza (%12,5), aurrez prestautako elikagaiak (%8,6), pasta (%8,1), gozoak (%7,6) eta olioa (%6,4).

Era berean, urteko momentu jakin batzuetan, San Juan de Dios ospitalak arropa eta jostailuak batzeko kanpaina zehatzetan be laguntzen dau. Bildutakoak, Santurtziko Udalak aurrez zehaztutako beharra daukien familiei banatzen jakez. Elikagaien Bankuak aldian-aldian elikagaiak jasotzeko antolatzen dauazan kanpainetan be parte hartzen dau.

San Juan de Dios ospitala 2013az geroztik dago Elikagaien Bankuari laguntzen deutsen erakunde hartzaileen sarearen barruan, eta banaketa puntua da premina daukien familientzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular