Athleticek landutako puntua eskuratu dau Bartzelonaren aurka (0-0)

Lortutako puntuagaz zuri-gorriek Betisekiko eta Realarekiko aldea handitu dabe
Alex Berenguer hasierako hamaikakoaren parte izan da / Athletic Club

Athleticek puntu bat eskuratu dau Bartzelonaren aurkako partiduan San Mamesen (0-0). Beraz, zuri-gorriek 50 puntu ditue dagoeneko. Gainera, Betisek eta Realak pairatutako porrotak aintzat hartuta, Athleticek atzetik dagozan taldeekiko tartea handitu dau. Halanda be, lehoiak ez dira Txapeldunen Ligako postuetara hurreratu, Atletico Madrilek irabazi daualako.

Errege Kopako partidua eta gero, Ernesto Valverdek hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan. Atzekaldeko hegaletan Beñat Prados eta Imanol Garcia de Albenizek hasi dabe partidua. Gainera, Vesga eta Dani Garciak osotutako bikotea zelaierdira bueltau da, eta aurretik Unai Gomezek hasi dau partidua.

Lehen zatian, bardintasuna izan da nagusi. Partiduko lehenengo minutuetan Bartzelonak euki dau jabetza, aukera garbirik sortu ez arren. Lehen zati gogorra izan da Kataluniako taldearentzat, De Jong eta Pedri jokalariak lesionau dira-eta; euren ordez Fermin eta Lamine Yamal urten dira zelaira. Dana dala, lehen zatiko aukerarik garbiena Bartzelonak euki dau areatik kanpo egindako jaurtiketa baten. Edozelan be, Unai Simon eta Yeray fin ibili dira eta, bien artean, baloia atetik urrundu dabe.

Bigarren zatian, lehen zatiko joera mantendu da. Burruka izan da nagusi eta aukera gitxi euki ditue taldeek. Izan be, jaurtiketa bi egin ditu talde bakotxak hiru zutoinen artean norgehiagokan. Partiduko azkenengo ordu erdian Athleticek hainbat aldaketa egin ditu. Sancet eta Ruiz de Galarreta bezalako jokalariak atera dira bedarrera, baina ez dira erabagigarriak izan.

Lortutako puntuari esker, Athleticek 50 puntuko mugara heldu da, 11 jardunaldi falta diranean. Zuri-gorriek domekan jokatuko dabe euren hurrengo partidua. Arratsaldeko 16:15etan izango da, Las Palmas taldearen aurka. Ostean, Alavesen kontrako derbia izango da San Mamesen eta Santiago Bernabeu zelaira egingo dau Athleticek osterea, Errege Kopako finalaren aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular