Bizkaia Irratia

6.000 gaztek eskatu dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programaren laguntza lau hilabetetan

Eskatzaileen % 51,6 Bizkaikoak dira, % 33,5 Gipuzkoakoak eta % 14,7 Arabakoak

Lau hilabeteko epean, 25 eta 29 urte bitarteko 6.000 pertsonak eskatu dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa Programaren laguntza berria. Prestazio hori hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairuaren, hipotekaren edo mailegu pertsonalaren gastua egiaztatzen bada.

Eskaera egiteko epea joan den otsailaren 20an ireki zenetik 6.000 eskabide aurkeztu dira. Horietatik, eskatzaileen % 51,6 Bizkaikoak dira, % 33,5 Gipuzkoakoak eta % 14,7 Arabakoak.

Eskaeren % 60,1 emakumeenak dira, eta % 39,9 gizonenak. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazio-tasan ikusten den hamar puntuko aldearekin.

Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen da eskatzaileen % 72,3 emantzipatu egin dela edo alokairuan egingo duela, eta gainerako % 22,7a etxebizitza erostean.

Udalerriei dagokienez, eskaeren % 24,3 Bilbon emantzipatzen diren gazteenak dira, % 12,5 Donostian, % 12,3 Gasteizen, % 4,1 Barakaldon eta % 2,7 Getxon. Hau da, eskaeren % 43,1 biztanle gehien dituzten 5 udalerrietan biltzen da.

Emantzipa beste prestazio batzuekin bateragarria da; hala ere, gazte eskatzaileen % 64,24k ez dute beste laguntzarik jasotzen emantzipatzeko. Beste laguntza batzuen onuradunen artean, alokairuan emantzipatzen diren pertsonen % 42,3 Gaztelagun programaren onuradunak dira.

Aurkezteko moduari dagokionez, eskabideen % 93,6 telematikoki aurkeztu dira, eta % 6,4 aurrez aurre.

Azkenik, eskatzaileek 19.746 euroko diru-sarrerak dituzte batez beste, eta, zehazki, salerosketan emantzipatzen direnek 22.046 euroko diru-sarrerak dituzte batez beste, eta errentamenduan emantzipatzen direnek 18.776 euroko diru-sarrerak urtean.

Orain arte lortutako erantzuna oso positiboa da eta bat dator egindako aurreikuspenekin. Ez da gorabehera negatibo nabarmenik gertatu; beraz, diseinatutako aplikazioa eta kudeaketa-operatiboa behar bezala funtzionatzen ari dira.

Eskaerak eta kontsultak

Interesa duten gazteek modu errazenean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, www.euskadi.eus/emantzipa helbidean. Zalantzarik izanez gero, jar zaitezte harremanetan Gazteria Zuzendaritzarekin, 945 015 591 telefono-zenbakira deituz edo mezu bat bidaliz honako helbide honetara: emantzipa@euskadi.eus

Halaber, GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren laguntza izan dezakete, online, EMANTZIPA kanalaren bidez, whatsapp bat bidaliz 646 109 126 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidaliz gaz@euskadi.eus helbidera; edo aurrez aurre, Bilboko (La Perrera) edo Barakaldoko GAZ bulegoetara hurbilduz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular