Athletic, ezinean Valdebebasen (1-0)

Paula Comendadorrek 69. minutuan sartutako golak garaipena emon deutso Real Madrili
Bardintasuna nagusi izan da norgehiagokan / Athletic Club

Athleticek 1-0 galdu dau Real Madrilen kontra Valdebebasen. Beraz, zuri-gorriek ez dabe punturik lortu txapeldunordearen estadioan. Lehen zatian, bardintasuna izan da nagusi. Atzelariak aurrelarien gainetik izan dira eta ia ez dira gol aukerarik egon. Halanda be, pixkanaka-pixkanaka, Real Madrilek partiduaren kontrola eskuratu dau bigarren zatian eta garaipena lortu dau, Paula Comendadorrek 69. minutuan sartutako golari esker.

Esan bezala, parekotasuna gailendu da lehen zatian. Athletic indartsu ibili da defentsa lanetan eta erasora urten da ahal izan dauanean. Esaterako, Maddik zuri-gorrien lehen aukera euki dau partiduaren hasierako minutuetan. Dana dala, Chavas Real Madrileko atezaina fin ibili da eta jaurtiketa gelditu dau.

Atsedenaldia eta gero, Real Madril erasora atera da, hiru puntuak eskuratzeko asmoz. Halanda be, Athleticek akats gitxi egin dauz defentsan eta Real Madrili espero baino gehiago kostau jako gola sartzea. Azkenean, 69. minutuan, Paula Comedadorrek garaipenaren gola sartu dau, Mariasun Quiñonesek egindako geldiketa baten aldaratzea aprobetxatuz. Azkenengo minutuetan, Athletic bardinketaren bila ibili da, baina ez dau golik sartu. Beraz, garaipena Madrilen gelditu da.

Agurra, San Mamesen

Athleticek denboraldiko azkenengo partidua jokatuko dau domeka honetan Sevillaren kontra. Halanda be, partidua ez da Lezaman jokatuko, San Mamesen baizik. Gainera, partidu berezia izango da Garazi Murua eta Yulema Corresentzat. Izan be, aitatutako jokalariek taldea itxiko dabe. Hori dala eta, merezidutako omenaldia jasoteko aukera eukiko dabe domekan. Partidua arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta oindino sarrerak salgai dagoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular