Hamargarren koroa Urdaibairentzat

Bou Bizkaiak ez dau bandera irabaztea lortu, baina bere hirugarren liga jarraian ziurtatu dau
Gorka Aranberri izan da Eusko Label ligako patroi onena / Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga

Bermeok bere hirugarren liga irabazi dau jarraian, bere hamargarren liga guztira eta Gorka Aranberri da denporaldi honetako patroi onena. Asteburu ezin hobea bizkaitarrentzat, nahi-ta hutsik joan diran lehiatutako banderak lortu ezinik. Zapatuan, Ondarroan, Getariak bigarren txandatik irabazi dau bandera eta domekan, Getarian, Donostiarrak zortzi ehunenakaitik irabazi deutso Urdaibairi.

Ezustekoa Ondarroan

Ondarroan, zapatuko estropadan, nahi-ta baten bat harritu, Getaria izan da azkarrena bigarren txandatik. Itsasoaren baldintzek mesede egin deutsee gipukoarrei eta, holan, ezustekoa emon dabe. Lehen txandan Cabo izan da onena 22 minutu eta 33 segundoko denporagaz, Kaikuri 66 ehuneneko aldea aterata. Atzetik sartu dira San Pedro eta Bueu. Bigarren tandean, aldiz, lehiatu diran lau traineruek, Getaria, Orio, Ondarroa eta Lekittarrak Caboren erregistroa hobetu dabe. Getaria nagusitu da 21 minutu eta 19 segundoko denporagaz.

Ohorezko txandako taldeek Getariaren denpora izan dabe erreferentzia. Ohorezko txandakoak baldintza gogorretan lehiatu dira. Horrek erabat baldintzatu dau estropadea. Urdaibai nagusitu da txandan, baina Bermeoko taldeak bosgarren amaitu dau. 11 segundo atera deutsaz Zierbenari, seigarren izanik sailkapenean, Donostiarra zazpigarren izan da eta Hondarribia hamargarren.

Bideofinisha Donostiarraren alde

Azken luzean, Donostiarra ‘Bou Bizkaia’ ren aurretik sartu da helmugan. Halan be, Bermeok nahikoa eban Zierbenaren aurretik sartzeagaz Eusko Label Liga hirugarrenez jarraian irabazteko. Lehen txandan, San Pedrok estropada dotorea egin dau, eta eurak eskuratu dau garaipena, Cabori 84 ehuneneko alde estua aterata. Kaiku eta Bueu 27 eta 39 segundora sartu dira. Bigarren txandan, Lekittarra eta Orio lehia estuan ibili dira azken ziabogara arte. Oriak izan dira bigarren txandako irabazleak, 21:22 denporagaz eta bederatzi segundura sartu da Lekittarra. Tanda berean, denpora azko galduta helmugaratu dira Ondarroa eta Getaria.

Azken txandan, Zierbenak hartu dau aurrea lehen ziabogan, eta Donostiarrak eta Urdaibaik bi segundo gehiago behar izan dabez. Hondarribiak, eskas gaurkoan be, 10 segundo gehiago behar izan dauz puntu horretan. Urdaibai aurkariak baino hobeto atera da lehen ziabokaitik, eta estropadaren buruan jarri da. Galipoek behera egin dabe hortik aurrera, eta Donostiarra izan da Bou Bizkaiari eutsi deutson bakarra. Bizkaitarrek denpora onenak egin dabe bigarren eta hirugarren ziabogetan. Bazirudien Bermeok irabaziko ebala, baina Donostiarrak aurrea hartu deutse azken hasperenean eta gipuzkoako ontzia 8 ehunen lehenago helmugaratu da. Hirugarren Zierbena izan da eta laugarren, Orio, bigarren txandako irabazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00