Athleticek ederto ekin deutso Europa League txapelketeari bardinketa lortuta Erromaren zelaian. Etxeko taldea aurreratu zan markagailuan lehen zatiko 32 minutuan Dovbyk ukrainiarrak buruz sartutako golari esker. Zuri-gorriek ez eben amore emon eta bigarren zatian egindako lanak saria jaso eban 85 minutuan Aitor Paredesek sartutako golagaz. Kontuak kontu, Athleticek nota onagaz gainditu dau Europa mailako lehen azterketea eta eutsi egiten deutso bolada azken partiduetako bolada onari. Atsedena hartzeko ia asti barik, Valverderen taldeak Sevillaren aurkako partiduari ekingo deutso domekan San Mamesen.
Zortzi partidu jokatuko dauz Atheticek, gitxienez, aurten Europako Ligan eta, ustez, Erromaren aurkakoa gatxenetakoa zan, aurkariaren kalidadeagaitik eta etxetik kanpo jokatu behar ebelako. Halandabe, Valverderen taldeak ederto gainditu dau azterketea, ondo merezidutako puntua eskuratuta itzuliko da-eta Bilbora.
Athleticek ausart ekin eutson norgehiagokari, lotsa barik. Guruzeta eta Iñaki Williamsen eskutik etorri ziran zuri-gorrien lehen aukerak. Aukera garbiak izan ziran biak baina ez eben asmau aurkariaren ate aurrean. Lehen hogetabost minutuetan etxeko taldeak ez eban arriskurik sortu Julen Agirrezabalaren ate aurrean. Egoerea, baina, aldatu egin zan Erromak aurrerapusu bat emon ebalako lehen golaren bila.
Hogeta hamabigarren minutuan Guruzetak balioa galdu eban zelai erdi inguruan eta italiarrek erasoko jokaldi perfektua josi eben. Angeliño galiziarrak baloi bikaina erdiratu eban ezkerretik eta Dovbyk ukrainiarrak amaiera bikaina emon eutson jokaldiari baloia sareetara bialduta burukada zital bategaz. Esan beharrik ez dago golak min handia egin eutsola Valverderen taldeari.
Athleticek erreakzinoa itxaroten genduan bardinketaren golaren bila joateko eta egia esateko partiduaren norabidea goitik behera aldatu zan bigarren zatian. Zuri-gorriak baloiaren jabetzea eskuratu eben, 1-0ekoa eusteari ekin eutson aurkariaren aurrean. Valverderen gizonak jaun ta jabe izan ziran bigarren zati osoan baina aukera garbirik sortu barik Erromaren ate aurrean. Arauzko denporea amaitzeko bost minuturen faltan zuri-gorrien ekinak saria jaso eban. Berenguerrek bikain erdiratu eban ezkerretik, Unai Nuñezek buruz ikutu eban baloia bigarren zutoinean eta azkenik Aitor Paredesek sareetara bialdu eban. Atzelariak sartutako golak ondo merezidutako puntua emon deutso talde zuri-gorriari.