Aita Martzel Andrinua pasiotarra, euskaltzaina eta Bizkaia Irratiaren laguntzailea Goian Bego

Urte askotan egin eban Bizkaia Irratian "Kristau gaur eta hemen" irratsaioa

Aita Martzel Andrinua 94 urtegaz hil da eta martitzenean egingo dabe bere aldeko hileta eleizkizuna, Bilboko San Felicisimo eleizan, arratsaldeko 17.00etan. Pasiotarra bera, euskerearen eta euskal kulturearen aldeko langile fina, Bizian Gora alkartearen arimea eta Bizkaia Irratiaren laguntzaile ekina. Luzaroan egin eban irrati honetan “Kristau Gaur eta Hemen”, mezako irakurgaien irratsaioa,  hasieran Julian Olazabalagagaz eta gero  Mila Egiguren eta Mari Ángeles Angoitiagaz batera. Domekero egiten zituan eleiz irakurgaien gaineko hausnarketa sakonak, berak egindako bertso eta guzti. Urteetan emitidu ziran Bizkaia Irratian irratsaio hareek, domeka goizetan.

Aita Martzel Andrinua Ziortza Bolibarren jaio zan 1930ean. Bilboko Elizbarrutiaren Bizian Gora alkarteko kontseilaria izan zan eta lan itzela egin eban alkartean. Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epaile be jardun eban urte askotan.

Euskaltzaindiak urgazle izentau eban 1996an, eta ohorezko euskaltzain 2018an. Urte berean Ohorezko “Karmelo Etxenagusia” saria emon eutsan Bilboko Eleizbarrutiak, euskal kulturearen eta fedearen aldeko bere lana autortu eta eskertzeko. Pastoraltza lan itzela egin eban Aita Martzel Andrinuak. Aurton bete izan dira 70 urte abadetu zanetik, maiatzean ospatu zituen platinozko ezteiak.

Lan batzuk be idatzi zituan, esaterako “Aita Patxi” 2000. urtean eta “Txikiak haundi” 2004an.

Umore oneko gizona, beti pozik eta danentzako berba onekin. Bizkaia Irratian laguntzaile fina izan genduan eta betiko geratuko da berak egindako ekarpena. Goian Bego Aita Martzel Andrinua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00