Euskal Derbia etxean geratu da. Athleticek 1-0 irabazi deutso Errealari, ligako hamalaugarren jardunaldian, Oihan Sancetek 26. minutuan sartutako golari esker. Aukera gitxiko eta burruka askoko norgehiagoka jokatu dabe Athleticek eta Errealak, espero zan lez. Edozelan be, Athletic nagusi izan da lubakietan eta beste hiru puntu lortu ditu. Lehoiek 23 puntu ditue eta sailkapeneko bosgarren postura egin dabe salto.
Ernesto Valverdek nobedade nagusi bi zelairatu ditu hasierako hamaikakoan. Yeray Alvarez izan da Dani Vivianen bikotea zentral postuan eta Alvaro Djalo izan da taldearen erreferentzia aurrelari moduan, Gorka Guruzeta aulkian geldituta. Athleticek ederto ekin deutso partiduari, jokoaren pisua eroanda hasierako minutuetan. 26. minutuan, aitatutako nagusitasuna markagailuan islatzea lortu dabe lehoiek. Nico Williamsek erdiraketa ona ipini eta Oihan Sancetek baloia sareetara bialdu dau, buruz egindako erremate bati esker.
Bigarren zatian, Erreala bardinketaren golaren bila urten da zelaira. Dana dala, gol aukera gitxi egon dira azken 45 minutuetan. Athleticeko aukerarik garbiena Beñat Pradosek euki dau ia penalti puntutik egindako erremate batean, baina jaurtiketa Alex Remiro atezainaren eskuetara joan da; Errealaren aukera, aldiz, Martin Zubimendik euki dau. Azkenean, Athleticek sufriduten jakin izan dau eta garaipen garrantzitsua lortu dau Euskal Derbian.
Partidu biko astea
Athleticek partidu bi jokatuko ditu hastear dagoan astean. Zuri-gorriek Suediako IF Elfsborg taldea jasoko dabe eguenean San Mamesen, arratsaldeko 18:45etan, Europa Ligako bosgarren jardunaldian. Ostean, Athleticek Vallecasen jokatuko dau, domekan 18:30etan, ligako hamabosgarren jardunaldian, Rayoren kontra.