Europa Ligako bolada onari jarraipena emon deutso Athleticek (3-0)

Talde zuri-gorriak lehen zatian bideratu dau Elfsborgen aurkako partidua, Adama Boirok eta Beñat Pradosek sartutako golei esker
Adama Boirok lehoien lehen gola sartu dau / Athletic Club

Athleticek Europa Ligan bizi dauan bolada goxoari jarraipena emon deutso, Elfsborg talde suediarra atzean itxita San Mamesen, liga faseko bosgarren jardunaldian (3-0). Athleticen nagusitasuna oso argia izan da partidua hasi dan momentutik eta zuri-gorriek lehen zatian bideratu dabe garaipena, Adama Boirok eta Beñat Pradosek sartutako golei esker. Lehoien hirugarren gola Gorka Guruzetak sartu dau bigarren zatian. Beraz, Athleticek 13 puntu ditu dagoeneko Europa Ligan eta lehen zortzi sailkatuen artean jarraituko dau.

Ernesto Valverdek daukan ia hasierako hamaikakorik onena zelairatu dau. Errotazino batzuk espero ziran arren, Valverdek ustezko titularren eskutik ekin deutso partiduari. Salbuespen lez, beharbada, Andoni Gorosabelen presentzia aitatu behar dogu. Ganera, Unai Simonek aurtengo denporaldian debuta egin dau, atea hutsean itxita. Esan bezala, Athletic seigarren minuturako aurreratu da markagailuan, Adama Boirok korner batean sartutako gol ederrari esker. Markagailuan aurreratu eta gero, Athleticek bigarrenaren bila jarraitu dau eta Beñat Pradosek helburua lortu egin dau, 24. minutuan.

Bigarren zatian, Athleticek aurkaririk euki barik jarraitu dau. Izan be, Elfsborgek erakutsitako maila oso makala izan da. 54. minutuan, Adama Boirok kontrol ederra egin dau paparragaz eta asistentzia emon deutso Gorka Guruzetari. Aurrelari donostiarrak lehen ikutuan bialdu dau baloia sareetara. Partiduko azken ordu erdian gol aukera gitxi egon dira eta Valverdek aldaketa guztiak egin ditu, titularrei atsedena emoteko asmoz.

Aste gogorra

Izan be, Athleticek partidu gogor ugari eukiko ditu hurrengo asteetan. Domekan, Vallecasen izango da talde-zurigorria, Rayoren kontra jokatzeko prest, ligako hamabosgarren jardunaldian. Ostean, partidu biko astea eukiko dabe lehoiek barriro be. Eguaztenean, Real Madril jasoko dabe San Mamesen, hemeretzigarren jardunalditik aurreratutako partiduan, eta Vila-Real jasoko dabe hurrengo domekan, San Mamesen be.

Europa Ligari jagokonez, Jose Mourinhok zuzendutako Fenerbahce izango da lehoien hurrengo aurkaria. Norgehiagoka abenduaren 11an jokatuko da Istanbulen, arratsaldeko 16:30etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00