59. Durangoko Azokaren spota lau haizetara zabaldu da gaur. Hogei segundoko ikus-entzunezko bizia da, estetika aktualekoa. Hainbat talde eta sortzailek parte hartu dabe 59. Durangoko Azokaren spotaren garapenean. Gidoia Sorland agentziak ondu dau, eta Arriguri ekoiztetxeak izan dau grabazinoaren ardurea.
Spotak Hartzea ematea DA! leloa irudiz eta musikaz janzten dau. Eslogana indartu gura izan dabe sortzaileek. “Islatu dana horixe da: euskal kulturan irakurle, entzule, ikusle eta abar izateak daukan garrantzia, idazle, musikari edo antzezle izatearena bestekoa edo handiagoa dalako”, azaldu dabe Sorland agentziako kideek. Gidoia lantzerakoan, horri estetika aktual bat emon gura izan deutse, aurtengo irudi nagusiagaz bat. Estetika bisuala, sonoroa eta zentzumenezkoa.
Irakurtea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, egotea egitea da, eta Hartzea ematea DA. Leloaren unibertso hori asko gustau jake Arriguri ekoiztetxekoei, eta spotean txertatzea erabagi dabe, mezua bera be hobeto ulertarazoteko asmoz. Spotaren istorioari jagokonez, ideiak hartzetik barriak sortzera doan prozesua kontau dabe. “Liburu bat irakurri, esaldi bat inspirau, letra bat idatzi, letra hori abesti bihurtu, abesti hori bideo baterako erabili… prozesu hori 20 segundotan esplikatzea nahi izan dogu, modu zuzen eta dinamikoan”.
Fitxa teknikoa
Zuzendaritza: Arriguri.
Gidoia: Sorland Agentzia.
Aktorea: Nerea Sanz.
Musika eta Soinua: Asier Renteria.
Ekoizpena: Xabier Fernan.
Gaffer: Ander Urrosolo.
Kolorea: Ruben Casss.
Arte Zuzendaritza: Paloma Merino.
Kamara laguntzailea: Cesar Fernandez “Xixa”.
Ahotsak: XSakara, Paula Goitia eta Nerea Sanz.
Extrak: Insa Cisse, Unai Renteria, Ismene Apraiz, Itxasne Luperena, Itxasne Gutiez, Beñat Goitia, Iker Gonzalez, Garazi Atxikallende…
Eskerrak: Pevasa, Zugaza Zinema, Landako Gunea, Toki Alai.