Athleticek indarrean segiduten dau eta garaipena lortu dau Rayo Vallecanoren zelaian. Liga txapelketako hamabost jardunaldi jokatu ostean zuri-gorriek hiru partidu bakarrik galdu ditue -azkena orain dala ia hile bi Gironan-, hamabi puntu lortu ditue sei jardunalditan eta laugarren jarri dira sailkapenean. Horreri guztiari Europako Ligan lortutako emaitza bikainak gehitzen badeutsaguz, garbi esan geinke Ernesto Valverderen taldearen errendimendua bikaina ari dala izaten.
Athleticeko entrenatzaileak hasieran uste baino aldaketa gitxiago egin dauz Vallecasen zelairatu dauen hamaikakoan. Oihan Sancet, De Marcos eta Vivian kenduta, ganerako titular guztiak ipini dauz bedartzan hasieratik, garbi erakutsiz partidua irabazi gura ebala. Berrogeigarren segundurako zuri-gorriek aukera bikaina euki dabe markagailuan aurreratzeko baina Nico Williamsek -bakarrik geratu da Rayoko atezainaren aurrean- ezin izan dau saretaratu Gorka Guruzetak emondako pase bikaina. Handik gitxira, Iñaki Williamsek barruraino sartu dau eskoiko hegaletik baina bere erdiraketak ez dau errematzailerik aurkitu.
Athleticek kontrolpean eukan partidua, Rayo baino gehiago zalako zelaian. Futbolean, baina, golek agintzen dabe eta etxeko taldeak gola sartu dau Aitor Paredesek egindako hutsa baliatuta. Kolpe gogorra izan da zuri-gorrientzat eta emaitzak ez eban erakusten zelaian gertatzen ari zana. Yuri Berchichek bardinketaren gola euki eban bere oinetan baina Rayoko atezainak desbideratu egin eban zarauztarraren jaurtiketa pozoitsua. Bardinketaren gola sartzeko ahaleginak egin arren, zuri-gorriak markagailuan atzetik joan dira aldageletara.
Bigarren zatiak ez dau aldaketa handirik ekarri, Ernesto Valverdek hiru aldaketa egitea erabagi dauen arte. Oihan Sancet, Unai Gomez eta Oscar de Marcosen zelairatzeak goitik behera aldatu dau partiduaren norabidea. Handik gitxira, Nico Williamsek bakarrik ikusi dau Sancet bigarren zutoinean eta erdilari nafarrak sareetara bialdu dau baloia hegalekoak egindako erdiraketa bikaina baliatuta. Rayo menderatuta egoan eta Athleticek ekin egin deutso bigarren golaren bila. Zuri-gorrien ekinak saria jaso eban partidua amaitzeko hamar minuturen faltan, Oihan Sancetek sareetara jaurti ebanean Oscar de Marcosek emondako baloia. Ondo merezitako saria, Athletic etxeko taldea baino askoz gehiago izan dala Vallecasen jokatutako norgehiagokan.
Madriden lortutako garaipenari esker, Athletic laugarren ipini da sailkapenean eta apurtu egin dau bolada txar bat. Izan be, gaurko partidura arte zuri-gorriak ez dira gauza izan garaipena eskuratzeko Ligan, Europa Leagueko partidua jokatu ostean. Hiru puntuak oso garrantzitsuak izanda be, Athleticek erakutsitako sendotasunak baikor egoteko arrazoiak emoten deuskuz etorkizunari begira. Partidu erakargarriak bezain gogorrak jokatuko dauz Athleticek hurrengo astean San Mamesen. Real Madriden aurka eguaztenean eta Marcelinoren Vila-realen aurka datorren domekan.