Agur Saudi Arabiako superkopeari

Athleticek 2-0 galdu dau Bartzelonaren aurka, zati bietako lehenengo minutuetan gol bi jaso ostean
Athleticek gol bi sartu dauz baina biak balio barik itxi ditu epaileak VARetik abisau ostean / Athletic Club

Athletic Espainiako superkopatik kanporatuta geratu da Bartzelonaren aurka 2-0 galdu ostean. Lau titular barik ekin deutso Valverdek partiduari Saudi Arabian. Oihan Sancet ez da deialdian sartu orkatileko arazoak dirala-eta, eta Oscar de Marcos, Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarretak ordezkoen aulkian egon dira. Hutsune nabarmenak ezelango zalantza barik. Ganera, Gorosabel be deialditik kanpo geratu da gripeak jota. Zuri-gorriak ez deutsoe hasiera ona emon norgehiagokeari eta Bartzelona jaun eta jabe izan da lehenengo ordu laurenean. Blaugranen nagusitasunak saria jaso eban hamaseigarren minutuan Gavik Unai Simonen atea zulatu ebanean.

Gola jaso ostean partiduaren norabidea aldatu egin da. Athleticek aurrerapausu bat emon dau eta ganetik kendu dau ordura arte aurkariak erakutsitako nagusitasuna. Apurka apurka zuri-gorriak Bartzelonaren atera hurreratzen hasi dira eta bardinketearen gola sartzeko aukerak euki dabez. Zoritxarrez, Iñaki Wiliams, Guruzeta eta enparauek ez dabe asmatu Szczesnyren ate aurrean eta 1-0eko emaitzeagaz amaitu da lehenengo zatia.

Valverdek ez dau aldaketarik egin atsedenaldian, taldeak joko ona erakutsi dauelako lehen zatiaren azken txanpan. Bigarren zatia hasi eta konturako orduko, ostera, Bartzelonak bigarren gola sartu dau Lamine Yamalen eskutik. Zuri-gorriak ez dira fin ibili baloi bat urruntzeko orduan, Yurik jokoz kanpokoa apurtu dau atzeratuta egoalako eta Yamalek ez dau parkatu Unai Simonen ate aurrean.

Athleticeko entrenatzaileak aldaketa hirukoitza egin dau kontrako markagailua iraultzeko asmoagaz. Mikel Vesgak, Oscar de Marcosek eta Nico Williamsek Prados, Lekue eta Guruzetaren lekua hartu dabe zelaian. Egia esateko, aldaketa hirukoitzak ez dau aldaketa handirik ekarri jokoan. Athleticek ahaleginak ez deutso isturaldi handirik eragin Bartzelonari. Partiduaren azken txanpan, ostera, Oscar de Marcosek sareetara bialdu dau baloia Nico Williamsen pase bikaina baliatuta. Epaileak, baina, balio barik itxi dau gola Athleticeko jokalaria jokoz kanpo egoala esan deutsalako VAReko epaileak. Minutu gitxi batzuk beranduago, Iñaki Williamsek barriro zulatu dau Bartzelonaren atea baina barriro be epaile jaunak balio barik itxi dau gola VARetik esan deutselako aurrelari zuri-gorria jokoz kanpo egoalako.

Kontuak kontu, Athleticek duintasunez galdu dau Bartzelonaren aurkako lehia. Ez dogu Athleticen bertsinorik onena ikusi baina arestian esan bezala, jokalari garrantzitsuak falta izan dira zuri-gorrien hamaikakoan. Zazpi egun barru jokatuko dau Valverderen taldeak kopa txapelketako kanporaketea Osasunaren aurka San Mamesen. Itxaron daigun ordurako erabat errekuperatuta egotea Sancet, Ruiz de Galarreta eta Nico Williams, taldeak behar ditu-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00