Athleticek itxi dau zirkulua (3-0)

Penalti puntutik aurreratu eta gero, talde zuri-gorriak erakustaldia emon dau Gironaren aurka
Oihan Sancetek Athleticen hiru golak sartu ditu / Athletic Club

Athleticek 3-0 irabazi deutso Gironari San Mamesen, ligako 23. jardunaldian, Oihan Sancetek sartutako hiru golei esker. Ganera, lortutako lehen gola penalti puntutik heldu da. Beraz, zirkulua itxi da; Athleticek 2-1 galdu eban Gironan lehen itzuliko partiduan hiru penalti erratu eta gero. Lortutako hiru puntuekaz, Athletic laugarren postuan egonkortzen da, 44 puntu ditualako.

Ezusteko gitxi egon dira Ernesto Valverdek zelairatutako hasierako hamaikakoan. Partidu bakarreko asteak datoz eta, lehen partidu honetan behintzat, ez dira errotazinorik egon. Beharbada, ezusteko nagusiaren protagonista Adama Boiro izan da. Jokalari gazteak Yuri Berchicheren lekuan ekin deutso partiduari. Lehen zatiko erritmoa baxua izan da. Gironak aurpegi nahiko defentsiboa erakutsi dau eta oso behean sartuta defendatu dau. Esan bezala, parekotasuna Oihan Sancetek hautsi dau penalti puntutik, 42. minutuan. Golak min handia egin deutso Gironari eta Athleticek probetxua atera deutso egoerari. Izan be, lau minutu beranduago, Sancetek Athleticen bigarren gola sartu dau, Berenguerren erdiraketa ona jaso eta gero.

Bigarren zatian ez da aldaketa handirik egon. Galtzen joan arren, Gironak ez dau aurrerapauso nabarmenik emon eta Athletic hirugarrenaren bila joan da. Tartean, asko espero ziran debutak ikusi ahal izan dabez zale zuri-gorriek. Maroan Sannadi 65. minutuan sartu da zelaian eta sentsazino paregabeak itxi dauz; Endika Bujanen momentua 84. minutuan heldu da, Peio Canalesegaz batera zelairatu danean. Aurretik, Oihan Sancetek Athleticen hirugarren gola sartu dau lehoiek baloia oso goian berreskuratu eta gero.

Bartzelonara osterea

Partidu bakarreko asteak eukiko dauz Athleticek zezeil osoan zehar. Horren harira, Athleticen hurrengo partidua hurrengo asteko domekan izango da, eguerdiko 14:00etan, Espanyolen aurka Bartzelonan. Espanyol jaitsiera postuak ekiditeko burrukan dago murgilduta. Beraz, aurkari aproposa da Athletic laugarren postuan gehiago finkatzeko. Ostean, Valladolid etorriko da San Mamesera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00