
Athleticek ezin izan dau punturik eskuratu Atletico de Madriden aurka Metropolitanon jokatu dauen partidutik. Halanda be, Valverderen taldeak ez dau galtzea merezidu izan. Lehoiek partidu ona jokatu arren ez dabe asmatu gol aukerak gauzatzeko orduan eta euren lan ona sari barik geratu da. Futbola sarritan ez da justoa izaten eta partidu amaierako markagailuak ez dau ondo islatzen zelaian gertatutakoa. Izan be, Athleticek ondo eutsi eutson aurkariari -Atletico de Madridek ez eban aukera garbirik euki goleko jokaldia kenduta- eta aukera garbiak euki dauz aurkariaren atea zulatzeko. Oblakek batzutan eta zutoinek beste batzutan urrundu egin dabe baloia sareetatik. Zuri-gorriek aukera polita galdu dabe sailkapeneko lehenengo postura hurreratzeko eta denporaldiko laugarren porrota jaso dabe, bigarrena Atletico de Madriden aurka. Gogoratu behar da, zuri-gorriek ez ebela partidurik galtzen urritik, Gironan galtzaile izan ziranetik hiru penalti huts egin ostean. Edozelan be, Valverderen taldeak Metropolitanon egindako partidu ona ikusita, Athletic zalea baikor egon daiteke etorkizunari begira. Hori bai, Vila-realek astelehenean garaipena eskuratzen badau Espanyolen aurka jokatuko dauen partiduan, puntu bakar batera jarriko da sailkapenean.
Urte asko igaro dira Athleticek Atletico de Madriden zelaian ligako partiduan azkenengoz irabazi ebanetik. Caparrosen garaitik hain zuzen, Toquerok sartutako gol biri esker. Simeonerena da denporaldi honetan etxean galdu ez dauen talde bakarra. Hamalau partidu jokatu ditu eta hamar irabazi eta lau bardindu ditu. Ganera, Oblakek 16 gol baino ez dauz jaso orain arte ligan jokatutako 26 partiduetan. Beraz, esan beharrik ez dago Metropolitano ligako zelairik gatxena dala, besteak beste, Atletico de Madrid bikain lehiatzen dan taldea dalako. Zapatuan be ez zan Athletic baino gehiago izan baina bere aukera garbi bakarra baliatu eta hiru puntuak eskuratu ditu, Espainiako Ligako sailkapenean lider ipinteko.
Le Normanden erremate arriskutsu baten ostean iritsi zan partiduko lehen aukera garbia. Vivianek pase sakon bikaina sartu eutson lerro artetik Iñaki Williamsi baina honek ezin izan eban aurkariaren atea zulatu Oblakek bidea itxi eutsalako. Simeonek baliatu egin gura eban lider ipinteko aukerea Real Madriden porrotaren ostean eta Julian Alvarez, bere jokalaririk arriskutsuena zelairatu eban bigarren zatiaren hasieran. Argentinarrak bikain erantzun eutson entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzea eta sareetara bialdu eban baloia Llorentek emondako pase bikaina baliatuta. Ezer gitxi eginda erasoan, koltxoneroak aurretik jarri ziran markagailuan.
Athleticek ez eban amore emon eta gol aukera garbiak euki ebazan Atletico de Madriden atea zulatzeko. Jokaldi berean aukera garbi bi euki ebezan zuri-gorriek. Berenguerrek erdiraketa baten Pradosek buruz ikututako baloiak Oblaken ateko ezkerreko zutoinean jo eban eta aldaratzea langari bialdu eban Iñaki Williamsek. Minutu batzuk beranduago, Gimenezek desbideratu egin eban Williams anai zaharrak areaz kanpotik egindako jaurtiketea eta baloiak langan jo eban barriro. Suertea be ez zan bilbotarren alde egon Metropolitanon. Kontuak kontu, beste askotan gertatu dan legez, Athleticek ezin izan dau punturik lortu Metropolitanon partidu ona jokatu arren. Erromako estadio olinpikoan Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketaren joaneko partiduan emaitza ona lortzea da hurrengo erronkea.