
Athleticek Rangersen aurkako Europa Ligako final-laurdenetako kanporaketa bideratzeko aukera paregabea galdu dau Glasgow uriko Ibrox estadioan (0-0). Partidua hasi eta gitxira, 13. minutuan, Propper atzelariak txartel gorria ikusi dau Iñaki Williamsi egindako falta batengaitik. Ganera, zuri-gorriek markagailuan aurreratzeko aukerea euki dabe penalti puntutik bigarren zatian, baina Alex Berenguerrek ez dau asmatu. Beraz, Bilbon erabagiko da kanporaketa hurrengo eguenean.
Ernesto Valverdek espero zan hasierako hamaikakoa zelairatu dau. Iñigo Lekue izan da Yuri Berchicheren ordezkoa, Ruiz de Galarreta egon da Jauregizarregaz zelai erdian eta Oihan Sancetek hiruko lerroa eratu dau Williams anaiekaz batera. Beraz, ezusteko gitxi egon dira hasierako hamaikakoan. Esan bezala, partiduaren gidoia goitik behera aldatu da Propperren kaleratzeagaz. Athleticek gola bilatu dau lehen zatian, baina Kellyk geldiketa on bi egin ditu Sannadi eta Iñaki Williamsen jaurtiketetan.
Lehen zatian ikusitako dinamika mantendu egin da bigarrenean. Rangersek defentsiboki talde sendoa dala erakutsi dau eta Athletic ezinean ibili da. Halanda be, partidua goitik behera aldatu ahal izan da 10 minutu besterik falta ez ziranean. Berenguerrek gola sartu dau, baina VAR gelak bertan behera itxi dau jokoz kanpo egoalako. Halanda be, aurreko jokaldian egondako penalti bat adierazo dau, baina Berenguerrek huts egin dau.
Hil ala biziko partidua San Mamesen
Athleticek hurrengo eguenean jokatuko dau bueltako partidua San Mamesen, gaueko 21:00etan. Dana dala, ligako beste partidu bat jokatu beharko dabe lehoiek aurretik. Athleticek Rayo jasoko dau domeka honetan, gaueko 21:00etan be, ligako 31. jardunaldian. Athleticek hiru puntuak behar ditu Txapeldunen Ligako postuei eusteko.