Ametsa amesgaizto bilakatu da (0-3)

Athleticek mirari bat beharko dau Old Trafforden bueltako partiduan Europa Ligako Bilboko finalera sailkatzeko
Dani Vivianek txartel gorria ikusi dau partiduko 35. minutuan egindako penaltiagaitik / Athletic Club

Athleticek denporaldiko kolperik gogorrena jaso dau Manchester Uniteden kontrako Europa Ligako finalaurrekoen joaneko partiduan San Mamesen eta mirari bat beharko dau hurrengo astean Old Trafforden Europa Ligako Bilboko finalerako sailkapena eskuratzeko (0-3). Ingalaterrako taldeak bere hiru golak sartu ditu lehen zatiaren azken ordu laurdenean, Dani Vivianek tartean ikusitako txartel gorria aprobetxatuta.

Athleticek ondo ekin deutso partiduari. Lehen zatiaren hasieran egondako aukera guztiak talde zuri-gorriaren aldekoak izan dira. Esaterako, Iñaki Williamsek eta Alex Berenguerrek Athletic markagailuan aurreratzeko aukerak euki dabez, baina Williams anai nagusiaren errematea gora joan da eta Lindelofek jokalari nafarraren aukerea urrundu dau.

Manchester Unitedek eukindako lehen aukeran sartu dau gola. Maguirek erdiraketa ipini eta Casemirok baloia sareetara bialdu dau Ugarteren asistentzia jaso eta gero. Bost minutu beranduago, Vivianek penaltia egin deutso Hojlundi eta txartel gorria ikusi dau. Bruno Fernandesek penalti puntutik asmatu eta Ingalaterrako taldearen hirugarren gola be sartu dau lehen zatia amaitu aurretik. Oscar de Marcosek, ganera, zelaia itxi behar izan dau lehen zatiaren amaieran eskuin hankako gihar aduktorean sufridutako gainkarga batengaitik.

Bigarren zatian markagailuari eutsi deutso Manchester Unitedek gehiegi sufridu barik. Athleticek ez dau arrisku handirik hartu eta ez dau gol aukera garbirik sortu. Frustrazinoa nagusitu egin da lehoien artean eta Unai Gomezen eta Alvaro Djaloren aldaketek ez dabe hobekuntza nabarmenik eragin. Beraz, garaipen historiko bat lortu beharko dau Athleticek hurrengo astean Manchesterren maiatzaren 21eko finalean izateko.

Errealaren aurkako Euskal Derbia

Edozelan be, Errealaren aurkako Euskal Derbia jokatuko dau Athleticek domekan gaueko 21:00etan Donostian, Old Traffordera osterea egin aurretik. Bost jardunaldi besterik ez dira falta liga amaitzeko eta talde bizkaitarrak puntuak behar ditu hurrengo denporaldiko Txapeldunen Ligan parte hartzeko. Imanol Alguacilek zuzendutako taldea, aldiz, Europarako sailkapenaren bila dabil.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00