Gernika final handi baterako dana prest dauka

Bihar zapatuan, gaueko 21:00tan hasita Erkiaga-del Riok Johan-Zabalaren aurka jokatuko dabe
Johan Sorozabal / Jai Alai World Tour

Gernikako frontoia leporaino beteko da bihar, Grand Slameko finalak faborito argi bat izan arren: Erkiaga eta Del Rio. Beste bikote finalista Johan Sorozabal eta Jon Zabalak osatzen dabe. Hala egokitu jake. Lehenbizi Barandika lesionatu zan eta Johanek ordezkatu eban txapelketan. Ligaxkako azken partiduan sartu zan Sorozabal eta galdu egin eben, baina Barandikak etxeko lanak eginda utzi zizkion. Finalerdietarako sailkapena lortuta alegia. Partidu horretan Olharan eta Lekerika ziran faborito argi, baina beste lesino batek, kasu honetan Olharanenak, finalean sartu dauz Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria.

Aurrean Erkiaga da nagusi baina Johan Sorozabal aurrerapausu handiak emoten ari da. 21 urterekin, oraindik denpora bat behar dau beste koxka bat gora egiteko baina ezaugarri paregabeak dauzka. Gorputz egokia, pilotari abiada emoten deutso, atzera jeisten da defenditzera, errebesarekin bikain atzeratzen dau eta errematean gero eta ausartagoa. Atzo esperogabeko garaipena lortu eban Donibane Lohitzuneko 4. Masterrean. Jerome Portetekin 14-15 eta 10-15 nagusitu zan Laduche eta Lekerikaren aurka. Atzean abantaila handia emonda beraz, oraintsu arte bere pareko edo maila handiagoko aurrelari baten kontra.

Beraz, eta Gernikako finalak kolore gorria izan arren, urdinek be izan dezakete beren aukera. Ustez, pelota biziarekin aritzen dira erosoen Erkiaga eta Del Rio, eta motelarekin sufritzen dabe gehien. Nahiz eta gaur egun, pelota motelena be beste garai batzuetako pelota bizia izan. Zer galdu gutxi dabe Sorozabalek eta “Bullet” Zabalak. Bizkaitarraren egitekoa pelotari gogor eman eta huts gutxi egiten saiatzea da. Eta pelota bizitzen danean, indarrak ondo neurtzea, Erkiagak errebotean esku-eskura oparirik izan ez dezan. Bestela, ez dabe zereginik izango.

Batak edo besteak irabazi, partidua egon dadila. Hori da guztion desioa. Jendearen erantzunari dagokionez, aurreikuspenak gainditu egin dira. 500 bazkidetik gora, txapelketaren azken bi egunetan 3.000 lagunetik gora batuko dira frontoian eta finalean dena beteko da.

Gernika Grand Slam. Orain arteko txapeldunak:

2017: Olharan-Lopez

2018: Goikoetxea-Lekerika

2019: Beaskoetxea-Lopez

2020: Beaskoetxea-Manci (pandemia urtea, pilotari gehienak Ameriketan)

2021: Erkiaga-Lekerika

2022: Olharan-Lopez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular