Laugarren postua eta superkopea lotuta (0-1)

Berenguerrek bigarren zatiko hogeta seigarren minutuan sartutako golak ondo merezidutako garaipena emon deutso Valverderen taldeari
Alaex Berenguerrek denporaldiko seigarren gola sartu dau Mestallan Valentziaren aurkako partiduan / Athletic Club

Aurreko jardunaldian Getafen irabazita Txapeldunen Ligarako sailkapena ziurtatu ostean, Athleticek sailkapeneko laugarren postua eskuratu dau Valentzia Mestallan menderatu ostean. Bikaina benetan. Ez dogu azken jardunaldira arte itxaron behar Valverderen taldeak egindako denporaldia bikaina dala esateko. Ganera, Valentziaren zelaian eskuratutako hiru puntuekaz, zuri-gorriek bardindu egin dabe inoiz -garaipenak hiru puntu balio dauenetik- lortutako puntu kopururik handiena. 2012-13 denporaldian 70 puntu lortu ebazan orduan be ernesto Valverdek zuzendutako taldeak. Ez dogu ahaztu behar partidu bat geratzen dala ligea amaitzeko eta Athleticek marka barria ezarri leike Bartzelonaren aurka puntu bat ala hirurak eskuratuta.

Manchester Uniteden aurka kanporatuta geratu izana kolpe gogorra izan zan Athleticentzat, aste honetan Bilbon jokatuko dan Europako Ligako finaletik kanpo geratu zan-eta. Taldeak, baina, ez dau amore emon eta hamar puntu eskuratu ditu Liga txapelketako hurrengo lau partiduetan, gol bat bera be jaso barik ganera. Ganera, nabarmentzekoa da Valverdek ezin izan dituela erabili Williams anaiak eta Sancet bez azken partidu bietara arte.

Atzealdeko sendotasunetik irabazi ditu Athleticek azken partiduak. Azken hilabetean Las Palmas, Reala, Alaves, Getafe eta Valentziaren aurkako partiduak ez dira ikusgarriak izan baina Athleticek lau garaipen eta bardinketa bat lortu ditu, gol bat bera be jaso barik. Zuri-gorriek denporaldi honetan jokatu daben berrogeta hamalaugarren partidua izan da atzokoa eta Ernesto Valverdek aldaketa ugari sartu ditu hasierako hamaikakoan, Jauregizar edota Maroan Sannadiri atsedena emonda. Sancetek titulartasuna berreskuratu dau aurreko partidu bietan ordezkoen aulkitik irten ostean.

Erdilari nafarraren eskutik iritsi dira zuri-gorrien aukera onenak Valentziaren aurkako partiduaren lehenengo zatian. Guruzeta be zuri-gorriak aurreratzeko zorian egon da baina orpoz egindako errematea gitxigaitik joan da kanpora. Valverderen gizonek indartsu ekin eutsoen bigarren zatiari lehen golaren bila eta Guruzetak erremate bi egin dauz Mamardasviliren atera. Zuri-gorrien ekinak saria jaso dau bigarren zatiko hogeta seigarren minutuan Bernaguerrek Valentziaren ateko eskuadran ipini dauenean baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain bategaz. Bigarrena sartzeko aukerea be euki dau Unai Gomezek baina Mamardasvilik geratu egin dau bermeotarraren jaurtiketea. Azkenean, zuri-gorrien hemeretzigarren garaipenak laugarren postua emon deutso taldeari eta Valverderenek superkopea jokatuko dabe hurrengo denporaldian Bartzelona, Real Madrid eta Atletico de Madriden aurka. Bartzelonaren aurkako partidua aukera ona da taldearen denporaldi bikainari merezi dauen agurra emoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00