
Athleticek ez deutso azken sailkatua dan Gironaren bisitari probetxurik atera eta beste puntu bi galdu ditu San Mamesen, lehen zati oso eskas baten ostean (1-1). Ernesto Valverdek lau aldaketa egin behar izan ditu atsedenaldian, baina Athleticek ez deutso markagailuari bueltea emon, Mikel Jauregizarrek bigarren zatiaren hasieran bardinketaren gola sartu arren.
Espero zan moduan errotazinoak egin ditu Valverdek hasierako hamaikakoan. Azken egunetan partidu ugari kateatu ditu Athleticek eta jokalarien kargak kudeatzea ezinbestekoa da epe luzeari begira. Beraz, Txapeldunen Ligako partiduan bezala, Gorosabel eta Adama izan dira lateral titularrak eta Vesga Jauregizarren bikotea izan da zelai erdian. Ganera, Nico Serrano nobedade nagusia izan da eta Gorka Guruzetak titulartasuna berreskuratu dau taldearen aurrekaldean.
Edozelan be, aldaketek ez dabe taldeak azken jardunaldietan erakutsitako aurpegi txarra zuzendu eta Girona 0-1 aurreratu da 9. minutuan, Ounahik Athleticen beste akats bati probetxua atera deutsanean. Lehen zatian Athletic ezinean ibili da eta txistuak entzun dira San Mameseko harmailetan. Taldeak elektroshock bat behar eban eta Txingurrik erabagi historikoa hartu dau atsedenaldian.
Historian lehen aldiz, Athleticeko entrenatzaileak lau aldaketa egin ditu bigarren zatian murgildu aurretik eta Areso, Yuri, Ruiz de Galarreta eta Berenguer jokalariek Gorosabel, Adama, Vesga eta Nico Serranoren tokiak hartu dabez. Aldaketek berehalako inpaktua euki dabe partiduan eta 48. minutuan Mikel Jauregizarrek banakoa sartu dau jaurtiketa eder bati esker. Partidua bardindu ostean, Athletic Girona baino gehiago izan da, baina Gazzanigak eta Athleticeko fintasun faltak lehoien garaipena ekidin dabe. Beraz, beste puntu bi joan jakoz Athletici San Mamesen. Ligako lehen hiru partiduak irabazi eta gero, talde bizkaitarrak lau norgehiagoka kateatu ditu garaipena ezagutu barik -hiru ligan eta beste bat Txapeldunen Ligan-.
Erronka handia Castellon
Ligak ez dauko etenik eta Athleticek beste partidu bat jokatuko dau zapatu honetan. Zuri-gorriek Txapeldunen Ligan dagoan Vila-Real taldearen estadiora osterea egingo dabe. Aurreikuspenak beteten badira, bizkaitarren aurkari zuzena izango da barriro be Marcelino Garcia Toralek zuzendutako tropa aurtengo denporaldian. Beraz, eszenatoki aproposa da bolada txarrari amaierea emoteko, Txapeldunen Ligara itzuli aurretik.