
Jon Elortegi Lekandak ez dau Kaikuko Bizkaitarraren entrenatzaile izaten jarraituko datorren denporaldian. Sestaoko arraun taldeak sare sozialen bidez emon dau bere erabagiaren barri, azken hiru denporaldietan Elortegiri emondako “konpromisoa eta dedikazinoa” eskertuz, lehenengoa arraunlari moduan eta azken biak talde sestaoarraren arduradun tekniko nagusi moduan. “Denporaldi zail honetako kirol emaitza txarrak aztertzeko aldi baten ostean, klubak lanean jarraitzen dau gizonezkoen trainerurako gure kirol proiektuari beste bultzada bat emon ahal izateko, harrobia eta arraun eskola zainduz, zaleak ilusinonetako eta taldea ahalik eta arinen Eusko Label Ligara itzultzeko baldintza onenetan kokatzeko asmoz”, dinoe Kaikutik.
Denporaldi zail batean Kaikuk ezin izan deutso maileari eutsi eta, ondorioz, KAE-1 ligan lehiatuko da hurrengo denporaldian. Elortegiren lehen urtean, traineru sestaoarrak mailari eustea lortu eban liga hamargarren postuan amaitu ondoren. 2025ean, Kaikuk ez eban ondo hasi Eusko Label Ligea, eta emoitza txar batzuk sailkapenaren beheko aldera eroan eben, Cabo da Cruzen aurretik soilik. Jatsiera zuzena saihestea lortu eban, baina mailari eusteko play offa jokatu behar izan eban ligea hamaikagarren postuan amaitu ondoren. Bermeon jokatutako lehen jardunaldian laugarren postua lortu eban eta hirugarrena hurrengo egunean.
Holan amaitu da Elortegik entrenatzaile gisa izan dauen laugarren esperientzia, aurretik Zierbenan, Bermeon eta Deustun egindakoen ondoren.
Beste alde batetik, Ondarroako emakumezkoen traineruak, egungo Bizkaiko txapeldunak, entrenatzaile barria izango dau datorren denporaldian. Eneko Azkaratek ez dau Antiguako Amaren gidaritzan jarraituko, eta Iker Cortes entrenatzaile santurtziarrak hartuko dau bere lekua. Iker Cortés Hondarribiako entrenatzailea izan da azken zortzi denporaldietan aurretik Hibaikan aritu ondoren.