Athletic Clubek 1-0 irabazi deutso Oviedori San Mamesen, Nico Williamsen jokaldi eder bati esker. Bi aurkari atzean laga dauz erregate batean eta ezkerragaz 1-0ekoa egin dau. Beharrezko garaipena eskuratu dau Athletic, hilabete baino gehiago egon dalako liga txapelketan irabazi barik.
Athletic oso ondo sartu da partidan, eta hamaikakoan Selton Sanchez gaztea agertu da baloiarekin freskotasuna emoteko asmoz. Basauriko San Miguel auzokoak Newcastlen kontra egin eban asteon debuta txapeldunen ligan, eta gaurkoan Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan jarri dau.
Nico Williamsen gol aparta 24. minutuan heldu da, Nacho Vidal eta David Costas atzean utziz eta ezkerkadak langan jo eta barrura joan da. Athletic deseroso egon da bat-batean eta Colombattok Real Oviedoren alde sartutako gola bertan behera laga dau VARak milimetro gitxiengatik jokoz kanpo egoteagatik. Orpoa euki dau Oviedoko jokalariak jokoz kanpo. Zortea aldeko Athleticek. Simonek jokaldi horretan zalantzak euki dauz baina gero Dendonckerri erantzun bikaina emon deutso beste jokaldi batean.
Athleticek bigarren zati sendoa egin dau. Seltonek, Guruzetak eta Berenguerrek aukerak izan dabez baina ez dabe asmatu, eta horrez gain, Escandellek Navarrori eta Berenguerri geldiketa bikoitza egin deutso. Jauregizarrek eta Regok be gola egiteko aukera argiak euki dabez. Oviedo atzetik jokatzen saiatu izan da baina Athleticen presinoa oso ona izan da, Valverdek prentsaurrekoan be hori esan dau. Beraz, 2-0ekoa egiteko aukera asko, baina ezin izan dauz aukerak gauzatu etxeko taldeak.
Partiduko onena, hortaz, emaitza eta Athleticek barriro be irabazi egin dabela liga txapelketan.
