Euskal Selekzioak 3-0 irabazi deutso Palestinari futbolaz haratago joandako partiduan

Unai Elgezabalek, Gorka Guruzetak eta Urko Izetak sartu dabez hiru koloreko selekzinoaren golak
Ofizialtasuna aldarrikatu dabe jokalari euskaldunek / Euskadiko Futbol Federakundea

Euskal Selekzioak Palestina 3-0 menderatu dau, merezimendu osoz, San Mamesen. Etxeko selekzinoaren lehen gol biak lehen zatian heldu dira, Elgezabalek eta Guruzetak baloia sareetara bialdu dabenean; hirugarrena Urko Izetak sartu dau bigarrenean. Dana dala, gaurkoa futbolaz haratago joandako partidua izan da, Euskal Herriak Palestinari alkartasuna erakusteko aukerea euki daualako.

Partidua hasi eta ia berehala aurreratu da hiru koloreko selekzinoa markagailuan. Etxeko taldeak hiru korner atara ditu partiduko lehen minutuetan eta Elgezabalek gola sartu dau hirugarrenean, 5. minutuan. Levanteko atzelariak erremate ederra egin dau eta ezkutuari musua emon deutso ospakizunean. Bigarrena, aldiz, penalti puntutik heldu da. 43. minutuan, Hugo Rinconek jokaldi ederra egin eta penaltia jaso dau. Gorka Guruzetak jaurtitzearen ardurea hartu eta Euskal Selekzioaren bigarren gola sartu dau.

Taldea goitik behera aldatu dau atsedenaldian Jagoba Arrasate hautatzaileak, makina bat aldaketa eginda. Bigarren zatian aukera garbi gitxi euki ditu Euskal Selekzioak, baina 77.minutuan  Urko Izeta Athleticeko aurrelariak hirugarrena sartu dau eta partidua erabagita gelditu da. Euskal Selekzioak azken bost urteetan lortzen dauan lehen garaipena da, Uruguairen kontra azken partiduan bardindu eta gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00