Joan dan zemendiaren 19an Leartibai Sarien laugarren edizinoa ospatu zan Gizaburuagako udaletxeko areto nagusian. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emotea helburua daukan ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen dau, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzeagaz.
Aurtengo edizinoan 56 proiektu aurkeztu dira, igaz baino 19 gehiago. Danetara, 19.000 euro banatu dira saritutako 18 proiektuen artean: 2024-2025 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio barri bat abian jarri daben ekintzaileak. Nobedade lez, aurten kategoria barri bi izan dira. Guztira, saritutako eremuak zortzi izan dira: negozio ideia barritzailea, ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresa, merkataritza establezimendua, eredu kooperatiboa, emakume ekintzailea, gazteek sortutako enpresa, lanbide heziketako ikasleen negozio ideia eta landa aukeren lurraldea.
Sari banaketeari ekin aurretik, Leartibai Fundazioko Ekintzailetza, Merkataritza eta Talentu arduraduna dan Esti Plazak, Lea-Artibai eskualdeko ekintzailetzaren egoerari buruzko datu interesgarri batzuk partekatu ebazan: “Lea-Artibaiko ekintzailetzak 85 lanpostu barri eta 74 negozio jarduera barri sortu dauz 2024-2025 epealdian. Gaur egun 38 proiektu tutorizatzen ari gara, urtea amaitu aurretik oraindik ateak ireki leikien negozio posibleak tartean, aipatutako zifrak hobetu leikiezanak. Lea-Artibai moduko eskualde batentzat datu garrantzitsuak dira, bertako biztanleen izaera ekintzailearen isla”, nabarmendu eban Esti Plazak bere hitzaldian.