Akatsek Athletic zigortu dabe (2-0)

Celtak gol bi sartu ditu atsedenalditik bueltan eta Nico Williamsek huts egin dau penalti puntutik
Athleticek laugarren elastikoa estreinau dau gaurko partiduan / Athletic Club

Athleticek 2-0 galdu dau Celtaren kontra Balaidosen, bigarren zatian akats erabagigarriak egin ostean defentsan zein erasoan. Zuri-gorriak etxeko taldea baino gehiago izan dira lehen zatian, baina atsedenalditik bueltan gol bi jaso dabez jarraian eta norgehiagokaren gidoia goitik behera aldatu da. Ostean, Nico Williamsek partidua estutzeko aukerea euki dau penalti puntutik, baina Raduk bere jaurtiketa kaskarra gelditu dau eta Galiziako taldeak garaipen erosoa berretsi dau.

Esan bezala, Athleticen jokoa Celtarena baino hobea izan da hasierako 45 minutuetan. Gol aukera argirik euki ez arren, zuri-gorriek erremate gehiago egin dabez. Horretan Ernesto Valverdek zelairatutako hasierako hamaikakoak asko lagundu dau. Izan be, hasierako hamaikako oso titularra zelairatu dau Txingurrik, sorpresa bakoa: Simón, Vivian, Paredes, Berenguer, Sancet, Williams Jr., Guruzeta, Areso, Ruiz de Galarreta, Yuri eta Jauregizar.

Hain zuzen be, horregaitik izan da hain deigarria atsedenaldian hartutako erabagia. Athleticeko entrenatzaileak Berenguer eta Sancet kendu eta Iñaki Williams eta Selton zelairatu ditu euren ordez. Aldaketek ez dabe Valverdek gura eban inpaktua euki. Ganera, bigarren zatia hasi eta hiru minutura, Celtak partiduko lehen gola sartu dau. Williotek Javi Ruedaren erdiraketari probetxua atera eta baloia sareetara bialdu dau Athleticeko defentsaren pasibotasunaren aurrean. Golak min handia egin deutso talde bizkaitarrari. Zazpi minutu beranduago, Dani Viviani kontrola joan egin jako eta atsedenaldian sartu dan El-Abdellaoui bakar-bakarrik gelditu da Unai Simonen aurrean; marokoarrak ez dau hutsik egin. Golen artean, ganera, Yuri lesionatu da eta Adamak bere lekua hartu dau ezker lateralean.

Athleticek 35 minutu eukazan markagailuari bueltea emoteko, baina talde bilbotarra ezinean ibili da, markagailua trinkotzeko aukerea euki arren. 65. minutuan, Alejandro José Hernández epailea monitorera hurreratu da eta Athleticen aldeko penalti adierazo dau, aurreko jokaldian zelaira sartu dan Carreirak ostikadea emon deutsolako Williams anai nagusiari. Jaurtitzearen ardurea Williams anai txikiak hartu dau, baina bere indar bako errematea erdira joan da, Raduren eskuetara. Azken minutuetan, Urko Iruretagoienak Guruzetaren tokia hartu dau zelaian, baina Izetaren erremateak zutoinean jo dau. Ondorioz, esku-hutsik itzuli dira lehoiak Vigotik.

Errege Kopa

Athleticek Espanyolen kontra jokatuko dau ligako hurrengo jardunaldian San Mamesen. Halanda be, hitzordu esanguratsua eukiko dabe jokalari zuri-gorriek aurretik. Izan be, Athletic Galiziara itzuliko da aste honetan, Ourensera. Errege Kopa bueltan da eta talde bilbotarrak Ourense CF taldea eukiko dau aurrean final-hamaseirenetan. Hil ala biziko partidua eguenean jokatuko da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, O Couto estadioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00