Lointek Gernika Bizkaiak Montpellierren aurkako partiduari bueltea emon deutso (66-67)

Gernikarrek Montpellierren hasierea borobilari bueltea emon eutsen 14-2ko partzialarekin
Milapie jokalaria Montpellierren aurkako partiduan / Lointek Gernika Bizkaia

Lattes Montpellier taldeak aukera bi eukazan. Eurocup Women txapelketako hurrengo faserako sailkapena zigurtatuta izateko ideiagaz ateratea, edo bestalde, lehenengo postua nahi izatea eta horretarako funtsezkoa zan Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako norgehiagoka. Bigarren asmoagaz atera ziran. Intentsidade fisikoari esker, talde frantziarra berehala aurreratu zan. Etxeko taldeak 13 puntuko aldea lortu eban (14-2) partiduko lehenengo 7 minututan. Gernikarrei kosta egiten jaken baloia zirkuletea eta jaurtiketa-egoerea argiak aurkitzea.

Hasiera txar hori garesti ordaindu eban Gernikak, lehenengo laurdena Montpellierren puntu erdiak lortuz (22-11). Bigarren laurdenak bide beretik jarraitu eban. Holan Lointek Gernika 14 puntu azpitik joan zan atsedenaldira (39-25). Atsedenaldiak on egin eutsan Lucas Fernandezen neskei. Erritmoa bizitu eben gernikarrek eta hiru puntura bakarrik jarri ziran atzetik, azken laurden osoa jokatzeko egoala (51-48).

Laugarren laurdenean, partidua amaitzeko zortzi minuturen faltan, Lointek Gernika lehenengoz jarri zan aurretik markagailuan (51-52), Crystal Bradford eraginkor baten eskutik. Gainera, amerikarrak aliadu handiak aurkitu ebazan Gabby Nikitinaiterekin kanpotik min eginez eta Sofia Da Silvarekin barruan. Alstonek bere gain hartu eban frantziarren erasoko erantzukizun guztia, 22 puntu lortuz. Lointek Gernikako jokalari ohia bere entrenatzaileak aldatu eban, argi eta garbi min gehien egiten ebilenean. Horri Linskensen bosgarren pertsonala gehitu behar jako. Partiduaren azkenengo segunduetan Lointek Gernikak eskura euki eban talde bien arteko average partikularra irabaztea, baina azken jabetzan Itziar Ariztimuñok baloia galdu eban. Sabore gazi-gozoa amaieran, talde bizkaitarrak hurrengo fasera aurrera egin arren, eskuan izan ebalako lehenengo postua lortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular