Athleticek denporaldiko partidu onenetariko bat jokatu eta urrezko puntua batu dau San Mamesen PSG taldearen aurkako norgehiagokan, Txapeldunen Ligako seigarren jardunaldian (0-0). Lehoiek aurrean egungo txapelduna euki arren, mailarik gorenean lehiatzeko kapazak dirala erakutsi dabe. Halanda be, aukerarik garbienak kanpoko taldeak euki ditu, baina Unai Simonek geldiketa erabagigarriak egin ditu zati bietan etxeko taldeari puntu bat emoteko.
Txingurrik hasierako hamaikako oso titularra zelairatu dau. Horren harira, Yuri Berchicheren aldeko apustua egin dau ezker zentral postuan, Aitor Paredes zigortuta dagoalako, Aymeric Laporte lesionatuta dagoan bitartean. Kontuak kontu, lateral zarauztarrak maila ederra erakutsi dau defentsaren erdialdean. Intensidade handiagaz ekin deutso Athleticek partiduari. Zuri-gorriak golaren bila urten dira hasieratik, baina partiduak aurrera egin ahala PSG metroak irabazten joan da. Azkenean, lehen 45 minutuetako aukerarik onena euki dau Mayuluk eta Unai Simonek gaueko funtsezko lehen geldiketa egin behar izan dau.
Dinogunez, aitatutako geldiketa ez da Simonek egindako bakarra izan. Athleticeko atezainak erakustaldia emon dau bigarren zatiko hasierako minutuetan. Frantziako taldeak pasa dan denporaldiko Txapeldunen Liga irabaztera eroan eutsien bertuteak erakutsi ditu eta partiduaren pisu osoa eroan dau atsedenaldiaren osteko lehen ordu laurdenean. Egoerea ikusita, Ernesto Valverde aldaketak egiten hasi da. Esaterako, aldaketa hirukotxa egin dau etxeko entrenatzaileak 73. minutuan: Gorosabel, Rego eta Hierro zelairatu ditu Areso, Jauregizar eta Sanceten ordez. Momentu horretatik aurrera, bigarren zatiko minuturik onenak bizi izan dauz Athleticek. Edozelan be, Parisko taldea partidua irabaztetik gertu egon da kontraeraso batean, baina Unai Simonek eta Yuri Berchichek gola ekidin dabe barriro. Azkenean, puntu bakar bategaz konformau behar izan da Athletic.
Final bi aurretik
Athleticek Txapeldunen Ligako liga faseko azken partidu biak irabazi beharko ditu lehiaketaren hurrengo fasera salto egiteko. Zuri-gorriek Atalantaren kontra jokatuko dabe Bergamon eta Sporting Portugalen aurka San Mamesen urtarrilean. Momentu honetan, talde bizkaitarra hogeita zortzigarren sailkatua da eta bost puntu ditu, partidu bat irabazi, bi bardindu eta hiru galdu ostean. Gogoratuko dogu 24 talde onenek egingo dabela aurrera.
Edozelan be, beste txapelketetako norgehiagokak eukiko ditu Athleticek aurretik. Domeka honetan Vigon jokatuko dabe lehoiek Celtaren kontra ligan. Lau egun beranduago, Galiziara osterea egingo dabe barriro, Errege Kopan Ourense CF taldea eukiko dabelako aurrean final-hamaseirenetan. Azkenik, Espanyolen aurka esango deutso agur urteari Athleticek San Mamesen abenduaren 22an.