Gogoaren indarra

Athleticek bere eskuetan dauko Txapeldunen Ligako final hamaseirenetarako sailkapena

Ahaztezina. Sekulakoa. Gogoangarria. Demasa. Zirraragarria. Apartekoa. Athleticek inoiz baino biziago jarraitzen dau Txapeldunen Ligan Atalantari 2-3 irabazi ostean Bergamon.

Jokalari garrantzitsuak Bilbon geratu behar izan dira min hartuta dagozalako: Yuri, Williams anaiak, Berenguer, Laporte… Zalantzea nabarikoa zan zale zurigorrien keinuetan, baina Athleticek ez dau amore emoten.

Ernesto Valverdek zelairatutako hamaikakoan ez da ezusteko handirik izan, bai ordea eskeman. Athletic bost atzelarigaz zelairatu da Stadio di Bergamon. Lekuek, Dani Vivianek eta Paredesek zentral postuan jokatu dabe, Adama Boiro eta Gorosabelegaz hegaletan.

Athletic sufritzen hasi da partidua. Batez be, ausardia falta izan jako Bilboko taldeari min egiteko, eta horrek, Atalantako hegaleko jokalariek metroak irabaztea ekarri dau. Zappacostak eta Bernasconik sakon jokatu dabe. 16. minutuan, erdiraketa bat eroso errematatu dau Scamaccak, Paredesen defentsa nahiko malgua izan ostean. Italiarraren burukadea sareetara joan da. Lehen zatia amaitu aurretik, De Ketelaerek beste burukada bat zutoinera bidali dau Athleticen mesedetan eta atsedenaldira 1-0 atzetik joan da talde zurigorria.

Atsedenaldian Ernesto Valverdek bosteko atzeko lerroa kendu, eskema aldatu eta Oihan Sancet zelairatu dau Adama Boiroren ordez. Lauko lerrora itzuli da taldea, Lekuea ezker hegalera ekarrita. Athletic aldaketa horrek fruituak ekarri dauz. Partiduko ordubetea bete aurretik, Athleticek zelai erdian baloia berreskuratu, Robert Navarrok paparragaz Gorka Guruzetari emon, eta honek atezainaren aurrean ez dau hutsik egin. Bardinketa Italian.

Partiduaren bila, Ernesto Valverdek zelai erdia aldatu dau, Vesga eta Iñigo Ruiz de Galarretak Rego eta Jauregizarren postuak hartu dabez. Athleticek kontrola berrreskuratu dau aldaketa honegaz eta hortik, bigarren gola etorri da. Barriro be zelai erdian baloi bat lapurtu, eskoiko hegaletik Navarrok erdiratu, eta bigarren zutoinean zelaian minutu bi eroazan Nico Serranok sareetara bidali dau baloia. 1-2 Athletic aurretik.

Etxeko taldeak kolpea igerri egin dau, Palladinoren taldea ahul ikusi da. Lehoiek odola usaindu dabe eta ez dabe aukerea galtzen laga. Beste jokaldi baten, Oihan Sancetek pasea ROberto Navarrori eta honek sareetara baloia Carnesecchiren aurrean. Athleticeko aurtongo fitxaketea izan da partiduko onena.

Partidua 90. minutura heltzear zala, Atalantak bigarrena egin dau, baina Athleticek maisutasunez eta gogoaren indarragaz, markagailua eustea lortu dau.

Garaipen honegaz, Athletic txapeldunen ligako 23. postuan da, sailkapen postuetan. Sailkapena esku-eskura dauko. Datorren eguaztenean, San Mamesen, Lisboako Sportingi irabaziz gero, Athletic munduko futbol kluben arteko txapelketa oneneko final hamaseirenetan egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00