Athleticek 0-1 galdu dau Errealaren kontra San Mamesen, Errege Kopako finalaurrekoen joaneko partiduan. Zuri-gorriek partidu txarra jokatu dabe, baina bizirik helduko dira martiaren 4an Donostian jokatuko dan bueltako partidura. Zelaian ikusitakoa ikusita, ez da gitxi. Izan be, Erreala Athletic baino gehiago izan da ia norgehiagoka osoan zehar.
Nobedadez beteriko hasierako hamaikakoa zelairatu dau Valverdek. Lesinoen eta entrenatzailearen erabagien ondorioz. Lekue, Monreal, Adama Boiro, Rego, Unai Gomez edo Robert Navarro lako jokalariek hasieratik ekin deutsie partiduari. Athleticek ondo hasi dau partidua eta norgehiagokaren kontrola euki dau lehen ordu laurdenean. Momentu horretatik aurrera, Errealak kontrola bereganatu dau eta egondako jokaldi arriskutsu gehienak sortu ditu. Atsedenaldia heltzear zala, Errealak penalti bat eskatu dau baloiak Laporteren eskuan jo dauanean, baina epaileak ez dau adierazo eta husnakoagaz heldu gara atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran Errealaren nagusitasuna mantendu da. Hori dala eta, Valverdek aldaketa laukotxa egin dau aspaldiko partez 56. minutuan: Nico Williams, Ruiz de Galarreta, Nico Serrano eta Selton zelaira sartu dira, Iñaki Williams, Rego, Robert Navarro eta Unai Gomezen ordez. Erreakzinoak bost minutu eskas iraun dau. 62. minutuan, Turrientesek Erreala aurreratu dau markagailuan, Guedesen pasea jaso eta gero. Azken ordu erdian, Athletic ezinean ibili da, ez dau bardintzeko aukera argirik sortu eta zale askok zelaia itxi dabe partidua amaitu aurretik. Esan bezala, bueltea emon beharko deutsie kanporaketari zuri-gorriek Anoetan hiru aste barru, finala jokatu gura badabe.
Ligako hiru partidu aurretik
Bueltako partidua jokatu baino lehen, Athleticek hiru partidu eukiko ditu ligan. Lehenengoa, domeka honetan Oviedoren kontra Asturiasen. Bigarrena Elcheren aurkakoa izango da, datorren barikuan San Mamesen. Hirugarrena eta azkena, Rayoren estadioan jokatuko da zezeilaren 28an. Ostean, bai, Errege Kopako finalaurrekoen bueltako partidu handia helduko da.