Sufriduta, bai, baina bere hirugarren garaipena kateatu dau Athleticek ligan Elche 2-1 mendean hartu eta gero San Mamesen. Zuri-gorriek hiru puntuak eskuratzea merezidu izan dabe, Elche baino gehiago izan diralako hasieratik amaierara arte. Lortutako hiru puntuei esker, talde bilbotarra Europako postuetara hurreratu da barriro, sailkapeneko zonalde arriskutsutik iges eginda. Jardunaldiko gainerako partiduak jokatzeke dagozanean, Athletic zortzigarren sailkatua da eta 34 puntu ditu.
Athletic ederto urten da zelaira eta partidua kontrolpean euki dau lehen zati osoan zehar. Zuri-gorriek 10 erremate egin dabez lehen 45 minutuetan, baina ez dira gola sartzeko kapazak izan. Batetik, Dituro atezainak geldiketa onen bat egin daualako. Bestetik, Athleticeko jokalarien zehaztasuna ez dalako nabarmentzekoa izan. Beraz, jokoan nagusi izan arren, husnako markagailuagaz heldu da partidua atsedenaldira.
Bigarren zatiak hasiera motela euki dau. Partiduaren erritmoa jaitsi da eta Elchek ez dau hainbeste sufridu. Dana dala, aukerarik onenak Athleticen aldekoak izan dira barriro be. Lehen aldaketa biak zelaira ateratzeko prest egozanean, Gorka Guruzetak sareetara bialdu dau Yuriren erdiraketa, lehen zutoinean agertu ostean 64.minutuan.
Gatxena eginda, bazirudien Athleticek partidu amaiera nasaia eukiko ebala, baina Lekuek zentzugabeko penaltia egin dau jarraian. Andre da Silvak asmatu eta bardinketaren gola sartu dau Elcherentzat. Kontrako gola jaso eta gero, Valverde aldaketak egiten hasi da eta Eder Garcia gazteak debuta egiteko aukerea euki dau.
Azkenean, 89. minutuan, epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazo dau, jokaldiaren errepikapena monitorean ikusi ostean. Laportek buruagaz errematatzeko ahalegina egin eta Bigasen ostikadea jaso dau. Guruzetak, lehen gola sartu dauan jokalari bera, jaurtitzearen ardurea bere gain hartu dau eta hiru puntuak emon deutsoz Athletici. Hasieran esan lez, jokoan egon diran azken bederatzi puntuak eskuratu ditu talde bizkaitarrak ligan, eta 10 azken 12etatik.
Partidu bakarra Errege Kopako finalaurrekoaren aurretik
Athleticek Errealaren kontrako Errege Kopako bueltako partidua jokatuko dau martiaren 4an Anoetan. Dana dala, ligako beste partidu bat eukiko dabe lehoiek aurretik. Izan be, datorren zapatuan, Madrilera osterea egingo dau Athleticek Rayoren kontra jokatzeko, eguerdiko 14:00etatik aurrera.