Athleticek ezin izan dau laugarren garaipena kateatu, aurreko hiru jardunaldietan, Levante, Oviedo eta Elche menderatu ostean. Zuri-gorriek puntu bat eskuratu dabe (1-1) Vallecasen jokatu daben liga txapelketako hogetaseigarren jardunaldiko partiduan. Iñigo Perezek eta Ernesto Valverdek zuzendutako taldeek ez dabe ikuskizunik eskaini. Borroka handiko norgehiagoka izan da eta bardinketak ondo erakusten dau zelaian gertatatutakoa. Etxeko taldea aurkaria baino gehiago izan da lehen zatian eta zuri-gorriek lehia bardintzea lortu dabe bigarrengoan. Partiduak itxi dauen albisterik txarrena Iñigo Ruiz de Galarretaren lesinoa izan da. Erdilari zuri-gorriari eskuin sorbaldea lekutik atara jako bardinketaren gola sartu eta minutu gitxira. Ezin izan dau segidu zelaian eta oso gatx eukiko dau Realaren aurka jokatzea datorren eguaztenean Anoetan.
Hamaikako indartsua zelairatu dau Ernesto Valverdek Vallecasen, partidua ondo prestatzeko aste osoa euki ondoren, aspaldiko partez. Athleticek, baina, ez deutso ondo ekin norgehiagokari. Erasoari jagokonez, zuri-gorriek ez dabe aurkariaren atera jaurti be egin lehen zati osoan. Ganera, Rayo Vallecanok aukera garbiak sortu dauz Unai Simonen atean, eta atezaina izan da Athleticeko jokalari onena partiduan. Iñigo Perezen taldeak ezer gitxi egin behar eban zuri-gorrien atzealdea gainditzeko. Jesus Aresok hasieratik jokatu dau aspaldiko partez, baina bere errendimendua ez da bape ona izan. Esanguratsua da Rayo Vallecanok hiru gol sartu izana partiduan. Zorionez, bat bakarrik igo da markagailura, beste biak balio barik geratu diralako.
Unai Gomez kendu eta Berenguer zelairatu dau Valverdek atsedenaldian bere taldearen erasoko jokoa indartu gurean. Bigarren zatia ezin hobeto hasi da zuri-gorrientzat. Unai Simonek aurkariaren area ertzean ipini dau baloia -partidu osoa emon dau baloi luzeak jokatzen- eta Pacha eta Berenguerren arteko borrokan eragindako aldaratzea sareetara bialdu dau Iñaki Williams kapitainak. Athletic partiduaren bila joango zala bazirudien be, hortik aurrera ez dau gol aukera gehiago sortu. Beraz, lortutako puntua ontzat emon behar da, zalantza barik.
Valverderen taldeak Vallecasen baino askoz hobeto jokatu beharko dau datorren eguaztenean Anoetan, Kopa txapelketako finalerako sailkapena lortu gura badau.