Amorebieta-Etxanoko Udalak gazteei zuzendutako I. Formazino eta Enplegu azoka antolatuko dau apirilaren 16an Zelaieta Zentroan. Ekimen honen helburua herriko gazteei aukera akademiko eta lanerako aukera barriak eskaintzea da. Lehenengoz egingo da azokea, eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailako ikasleak izango dauz ardatz, euren etorkizunera begira erabagi garrantzitsuak hartzen ari diran momentuan. “Azoka honen lehen edizinoagaz, gure gazteei etorkizun akademikoa eta profesionala bideratzeko behar daben informazinoa, baliabideak eta kontaktuak eskaintzea da gure helburua, baita enplegurako lehen urratsetan lagungarri izango jakezan tresna praktikoak eskaintzea be”, adierazo dau Ainhoa Salterain alkateak.
I. Formazino eta Enplegu azoka apirilaren 16an egingo da, goizean zehar, eta askotariko egitaraua izango dau: unibertsidadeen eta Lanbide Heziketako zentroen standak egongo dira orientazino akademiko pertsonalizadua eskaintzeko; gaur egun zein profil profesional bilatzen dabezan azalduko daben enpresakaz harreman zuzena izateko aukera be izango da; eta tailer praktikoak antolatuko dira, besteak beste, lan-alkarrizketa bati zelan aurre egin, curriculuma zelan hobetu eta gazteen enpleguaren joerak ezagutzeko. Horrezaz gain, hurreratuko diran gazteek beste gazte batzuen ibilbide profesionalak zuzenean ezagutzeko erea izango dabe, euren lan-esperientzia partekatuko dabelako. Azoka honegaz, Amorebieta-Etxanoko Udalak ikasleei tresna erabilgarriak eskaini gura deutsez lan merkaduan lehen urratsak emoteko eta garapen akademiko eta profesionalean orientatzeko.
Enpresei deia
Amorebieta-Etxanoko Udalak dei egiten deutse tokiko eta eskualdeko enpresei azokearen lehen edizino honetan parte hartu dagien. Azokan parte hartzea gura daben enpresek martiaren 6a baino lehen emon leikie izena. Deialdi honen bitartez, Udalak enpresa-ehunaren eta ikasleen arteko lotura indartu nahi dau, lan-merkadurako transizino zuzenagoa eta errealistagoa bultzatuz.