Txinpart batek garaipena emon deutso Bartzelonari (0-1)

Athleticek zigor gogorregia jaso dau denporaldiko partidu onenetariko bat jokatu ostean
Lamine Yamalek markagailuan egoan parekotasuna hautsi dau / Athletic Club

Athleticek esku-hutsik amaitu dau Bartzelonaren kontrako partidua San Mamesen (0-1). Dana dala, talde zuri-gorriak zigor gogorregia jaso dau, denporaldiko partidu onenetariko bat jokatu daualako, baina Lamine Yamalen jokaldi solte batek hiru puntuak emon deutsaz Bartzelonari. Beraz, Athleticen nagusitasunak ez dau saririk jaso. Edozelan be, jokatutako norgehiagoka oinarri ona izan daiteke gelditzen diran 11 partiduetan hazteko.

Espero ez ziran jokalari asko zelairatu ditu Valverdek hasierako hamaikakoan. Esaterako, Adama Boiro ezker laterala izan da, Regok zelai erdiko bikotea osotu dau Jauregizarregaz batera, Seltonek ekin deutso partiduari puntaerdian eta Unai Gomez izan da taldeko erreferenteetariko bat goikaldean. Hain zuzen be, Unai Gomezen lesinoa izan da lehen zatiko albisterik txarrena lehoientzat. Jokalari bermeotarrak min hartu dau belaunean eta Robert Navarrok bere tokia hartu dau bedarrean 10. minutuan. Athletic Bartzelona baino gehiago izan da lehen zati osoan zehar, baina nagusitasuna bereziki nabarmena izan da hasierako 10 minutu horreetan. Joao Cancelok partiduaren lehen jokaldian egindako urruntzea langan jo dau eta Iñaki Williamsek gola sartzeko aukera ona euki dau buruz. Bartzelona, aldiz, gitxi hurreratu da Unai Simonen atera.

Entrenatzaile biek arbola astindu dabe atsedenaldian. Valverdek Sancet sartu dau Seltonen ordez eta Flickek Pedriren aldeko apustua egin dau Bernalen kaltetan. Halanda be, partiduaren dinamikea ez da asko aldatu. Bigarren zatian egondako aukerarik onenak Athleticen aldekoak izan dira, baina gola Bartzelonak sartu dau. 68. minutuan, Lamine Yamalek Pedriren pasea jaso dau zelaiaren eskoiko aldean, barrurantz sartu da eta jaurtiketa gurutzatu ikaragarria egin dau. Unai Simonek ezin izan dau ezer egin. Athleticek Bartzelona bere zelaian hondoratu dau azken minutuetan, baina lehoiak ez dira gola sartzeko kapazak izan eta Bartzelonak hiru puntuak eroan ditu Kataluniara ligako lidergoa sendotuta.

11 final Europara itzultzeko

27. jardunaldia amaitzeko partidu batzuk falta diranean, Athletic sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, 35 puntukaz, 10 partidu irabazi, bost bardindu eta 12 galdu eta gero. Beraz, 33 puntu dagoz oindino jokatzeke. Argi dagoana da talde bilbotarrak puntuak eskuratu beharko dituala hurrengo jardunaldietan Europako txapelketetara itzultzeko, Europa Ligara zein Konferentzia Ligara izan. Seigarren postua bost puntura dago orain, baina saria emon ahal deutson zazpigarrena puntu bakar batera dauka. Kontuak kontu, Athleticen hurrengo partidua zapatuan izango da Gironaren kontra Montilivin eguerdiko 14:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00