Derioko Udalak, Umeen Kontseiluaren bitartez, Ume Merkatariak ekimena antolatu dau apirilaren 25erako, goizez. Proposamen honen helburua herriko umeek tokiko merkataritzaren funtzionamendua hurretik ezagutzea da, aldi berean euren autonomia eta konfiantza indartuz. Ekimenaren barruan, Umeen Kontseiluko neska-mutilek udalerriko hainbat establezimenduen egunerokoan parte hartuko dabe, merkatariakaz batera ordu batzuetan lan eginez. Holan, bezeroei arreta zelan eskaintzen jaken, negozio baten eguneroko kudeaketa zelangoa dan eta zerbitzu on baten atzean dagoan lana ezagutzeko aukerea izango dabe.
Jarduerea 12:00etatik 13:30etara egingo da, eta Derioko hainbat dendetan garatuko da: besteak beste, elikadura, ule-apaindegi, gozokidenda edo burdindegietan. Esther Apraiz alkateak azpimarratu dauanez, “ekimen honek balio handia dauka, izan ere, gure haurrek tokiko merkataritzak daukan garrantzia ulertuko dabe eta aldi berean, herriko bizitza sozial eta ekonomikoaren parte aktibo bihurtzen dira. Belaunaldi barrien eta merkatarien arteko loturak sendotzea funtsezkoa da komunidade sendo eta bizi bat eraikitzeko”.
Derioko Udalak herritar guztiak animau gura dauz zapatu goizean herriko dendetara hurreratu eta ekimena ezagutzera, tokiko merkataritzari babesa emonaz eta umeek egindako lana bertatik bertara ikusteko.